GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA «16 kolore» Kafe Antzokian

Gari etxeko ezkaratzean, betiko osagaiak sutan eta zapore berriak mahaian

Aspaldi argitu zuen Garik arriskuak hartzea maite duela. Eta musikalki azalak zurituta «16 Lore»ko sorta eman ostean zuzenera ekarri nahi izan du arriskua, bateriari eta baxuari muzin egin eta ahotsaren adierazkortasuna kantuen ardatza izan dadin.

p041_f02_148x88.jpg

Anartz BILBAO

Herenegun horrela agertu zigun, kontzertua baino lagunen arteko festa legez prestatutako hitzorduan, Bilboko Kafe Antzokian bildu ginen musikazaleoi.

Gu bertaratu ginenerako itxura paregabea zuen aretoak -gazteak baino helduak gehiago- ohiko musikazale eta musikari ezagunez mukuru. Izan ere, Garik «16 lore» bilduma aurkezten zuen bizileku hartu duen Bilbon, eta iragarria zuen zuzenekoa festa bihurtzeko asmotan musikari ugari izango zituela lagun oholtza gainean.

Mi Hermana Corina taldeko gitarra-jotzaile Hugo Allendek ireki zuen gaua gitarra soilaren laguntzarekin -arretarik apenas lortu zuen arren-, eta orain gutxi zendutako Edu Mendiguren lagun eta bateria-jotzaileari eskaini zion jarduna. Eta 22.15 aldera, hirukotean azaldu zen oholtzara legazpiarra, Jon Maia bertsolariak aurkeztu ostean.

Aspaldikoa da zumaiarraren eta Gariren arteko harremana, Maiak legazpiarraren kantuen testuetan parte hartzea baitu -bereak dira, esaterako, «Zaharra zara Bilbo» bikaineko hitzak-. Aurkezpenean, kantariak bere ibilbide oparoan egindako kantuen hitzekin collage fin bat osatu zuen, eta «lore guztiak gugan dire» oihukatuta bukatu. Kontzertua bukatu aitzin berriro hartu zuen oholtza Maiak, ikusgarri aritzeko, seguidillan.

Aurrean entzule zituen lagun gehienak izenez ere ezagutzen ditu Garik, eta asko ziren musikak baino harreman pertsonala medio bertaratutakoak.

Lagunez inguratua

Proposamen musikala, ausarta. Bateriarik ez oholtza gainean, ezta baxurik ere. Hertz batean Aitor Oñederra Visual Jockey debarrak laguntzen zuen Gari, eta bestean Miguel Moyano gitarra-jotzaile algortarrak (programazio, teklatu...). Ezaguna da Hertzainak utziz geroztik lankidetzarako goi mailako lagunez inguratu izan dela Gari, musikari zein letra egileei dagokienez, eta oraingoan ere ez du kale egin.

Inoiz baino argalago, goitik behera ilun jantzita eta bisera buruan, oholtza betetzen du Garik, erdian paratuta. Egun gitarra ere jotzen du, eta interprete bikaina ez izan arren, moldatzen da. Oñederraren pantailak Kafe Antzokia kez eta Moyanoren gitarrak distortzioz bete zuenean «Gaur» kantuarekin hasi ziren, ahotsez sendo eta serio demonio, «Bidegurutzean» jarraitu eta «Esan ziaten» kulunkarira heldu, pantailan bonbillak zintzilik eta Moyano mandolina joaz. Betiko kantuak zuritu eta biluztuta, oso molde ezberdinean darabiltza egun Garik -bereak diren heinean berak baino egin ez zezakeen legez- eta hasiera batean gogor samarrak dira irensteko. Horregatik, kosta zitzaion berotzea gauari, «Hil ez denak», elektrika zuribeltz dotorez; «Batzutan», oraingoan gitarra gorriz eta «Astiro eta amorruz» abiadura bizian -eta pantailan Peep Showa genuela- jo zituen arte, giroa ez zen berotu.

Hortik aurrera gora jo zuen emanaldiak, «Eguzki berritan zaude» bukaezinarekin hasita. Azken hatsa balu bezala, kantatzen du sarri Garik, itoko balitz legez, kexuz eta minez, «Ta zer ez da berdin» edo batez ere lehen atala itxi zuen «Zu gabe» zoragarrian, esaterako.

«#9» ahotsez bikain emateaz gain, gitarra utzi eta baketak klabeak balira bezala jo zituen legazpiarrak, eta «Zaharra zara Bilbo» Bilboko saskibaloi taldeko entrenatzaile ohi Txus Bidorretari eskaini zion -bertan zela-. Martxa hartuta, lagunak bildu eta superbanda osatu zen gero, Karlos Arancegui baterian, Mikel Azpiroz teklatu -eta pianoan!- eta Juan We are Stadard gitarran zirela, besteak beste, mugaldeko «Aitormena» emateko, Calexikoren erara. Bukaera aldera gerturatzen, «Esperantzara kondenatua» ederra suertatu zen, haurren faltan zale guztiak kantuan zirela. Alta, azkenburukoa izan genuen onena, «Astiro eta amorruz» bakarka, a capella eta jolasean kantatzen hasi eta «ametsetan» bukatu, tartean zaleengana hurbildu eta mikrorik gabe «Zure begietan» jota.

Bide berri bati ekin dio Garik apal-apal -Miguel Moyano gitarra-jotzaile finarekin batera-, eta ari da, gutxika-gutxika oztopoak gainditzen, baita musika aurreiritziei dagokienez ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo