GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Bolada ona

Puntuak lehenbailehen, kontuak geroko

Esperientziarekin zentzatuta edo, gorritxoek nahiago dute helburuei buruz gehiegi ez hitz egin, azken jardunaldiotan bolada ederra sinatu duten arren.

p032_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Zelai gainean taupadekin gertatzen den bezala, zaila da emozioak kontrolatzea gauzak oso ondo edo oso gaizki doazenean. Esperientziak, baina, zer edo zertarako balio du eta, beharbada horregatik, nolabaiteko bertigoa sortzen dute Osasunan apaltasunetik haratago doazen diskurtsoek, taldea bolada ederra sinatzen ari bada ere.

Sailkapenaren goialdea, izan ere, gertuago dute egun gorritxoek jaitsiera postuak baino. Baina oraingoz haien ahoetan entzun daitekeen helburu bakarra maila eustearena da. Miguel Flañoren ustean, orain puntuak eskuratzeko unea da eta helduko dira edozein helbururi buruz hitz egiteko egunak. «Gaur egun ezin dugu helburu garbiei buruz hitz egin, klubarentzat mantentzea funtsezkoa dela argi dugun arren -aitortu zuen defentsak-. Orain puntuak batu eta batu egin behar dugu, inolako saririk espero gabe, eta denboraldiko azken zortzi jardunaldietara heltzean ikusiko dugu noraino hel gaitezkeen, helburu handiagoak jarriz».

Partida batzuk bereziki garrantzitsuak dira bide horretan. Adibidez Osasunak bihar jokatuko duena. Aurkari errazenetarikoa -beti ere teorian- dator Iruñera eta, bestetik, irabaziz gero, saria bikoitza edo hirukoitza litzateke nafarrentzat: bolada luzatu, animoz jarraitzeko izango lukeen balioarekin; Europan sartzeko borrokatik gertu-gertu geratu eta, era berean, jaitsiera postuekiko aldea izugarri handitu. «Irabaziz gero, aldea oso garrantzitsua izango litzateke -onartu zuen Flañok- eta sailkapenaren beste tarte bat begiratzeko aukera eskainiko liguke, oraindik helburuei buruz hitz egiteko goizegi den arren», tematu zen.

Atzelariak, gainera, nahiago du zuhurtziaz mintzatu partidari berari buruz ere, «bolada desberdinak ditugun arren, norgehiagoka zaila izango delako. Tenerifek beti nahi izaten du futbolean ondo jokatu, ekimena eramanez eta baloia gustuz ukituz. Ez da erraza izango».

Are gutxiago, abisatu zuen, kanariarrentzat. Behintzat Osasunak egin behar duena egiten badu. Hau da, «erabateko zuhurtziaz» eta, aldi berean, «erabateko ziurtasunaz» aritzen bada. Baikor agertu zen Flaño kasu honetan, bere ustean, taldeak hainbat partidatan «falta izan» zaion «ezinbesteko intentsitateari nola eutsi» bai baitaki, azken jardunaldietan erakutsi duen bezala. «Uste oso, ausardia edota nortasun plus batekin jokatzen ari da» Osasuna azken asteotan eta horri eutsiz gero, errazagoa izango da Tenerife mendean hartzea.

Jose Antonio Camachok, bestetik, gaur zuzenduko du asteko azken lan saioa. Ikusteko dago Masoud kokatuko ote duen Juanfranek utzitako hutsunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo