SOKATIRA
Amaiur izan daiteke Abadiñok denboraldiko hirugarren txapela lortzeko bidean izan dezakeen oztopo bakarra
J.L.
Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketan jardunaldi bikoitza izango da asteburu honetan, eta bihar, gainera, gizonezkoetan aurtengo hirugarren txapelak banatuko dira.
Aurretik, gaur, 17.00etatik aurrera, Ezpeletan jokatuko dira gizonezkoen 560 kiloko eta emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldiak. Mutiletan sei talde arituko dira, eta lau nesketan, eta bietan hiru jardunalditako ligaxka izango da gaurtik abiatuta.
Gizonezkoetan, Abadiño, Amaiur, Barrundia, Berriozar, Ñapurrak eta Sokarri lehiatuko dira. Pisu honetan, besteetan bezalaxe, Abadiño ateratzen da garaipena erdiesteko faborito. Hala ere, Amaiur ahaleginduko da beraiei aurre egiten. Izan ere, eta orain arteko guztia ikusi eta gero, bizkaitarrak eta nafarrak beste guztien gainetik agertzen dira, eta bi horien arteko demetan, orain arte Abadiñokoak atera dira garaile.
Ñapurrak taldea ere kontuan hartu beharko da. Denboraldi ona ari da egiten, eta gaur beren zaleen aurrean lan polita egiten saiatuko dira.
Emakumezkoetan, berriz, Badaiotz, Beti Gazte, Ibarra eta Sakana izango dira lehian arituko diren lau taldeak. Hemen ere ligaxka eran jokatuko da, baina faboritoa bakarra da, izan ere, Badaiotzek, bai laukoan bai 540 kilokoan, argi eta garbi utzi baitzuen besteen gainetik dagoela. Ezeren okerrik ez dutela, denboraldiko bigarren txapela lortzeko bidea egiten hasiko dira gaur Ezpeletan. 540koan bigarren posturako lehia handia izan zuten Sakanak eta Beti Gaztek, eta pisu honetako taldea ere ia bera denez, seguruenik ere errepikatu egingo da dena, eta bigarren posturako ez da emozio faltarik izango.
Finala
640 kilotan, Abadiño, Ibarra, Barrundia eta Amaiur lehiatuko dira bihar 12.00etatik aurrera Zeberion. Lau talde bakarrik arituko direnez, dena jardunaldi batera jokatuko da, eta bihar bertan jakingo da txapelduna zein den. Hemen ere, Abadiño da faboritoa eta zaila izango da horri txapela kentzea.