GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Martxel toledo ESAITeko lagunen izenean

Maite zaituztegu!

1985. urtean sortu zen ESAIT, euskal selekzioaren aldeko iritzi taldea, herri honek bere selekzio propioa sortzeko duen eskubidea aldarrikatzeko. Eta hamabost urteko ibilbide luze honetan ekimen ugari eta ezberdinak antolatu ditugu. Esan gabe doa, aipatutako ekimen guztiak antolatzeko, jende askoren laguntza izan dugula, bestela ezinezkoa izango zelako ESAITek egin duen ibilbidea egitea. Gainera, jendearen laguntza hori, herri honetan egiten diren beste asko eta asko bezala, musu-truk jaso dugu.

Joan den astean amaitutzat eman duten Ondarroako operazio polizialean, bederatzi pertsona atxilotu eta kartzelatu dituzte. Azken biak, Olaitz Lema eta Igor Martin izan dira, ESAITi laguntza eman dioten askoren arteko bi, beste asko bezala, buru belarri aritu baitira azken urte hauetan gurekin herri honek bere selekzio propioa izateko duen eskubidea aldarrikatzen.

Igor eta Olaitz, biak ala biak, beti zeuden prest Euskal Herriko selekzioaren alde ESAITi laguntza emateko eta antolatzen genituen ekimenetan parte hartzeko. Umoretsu, alaitsu, irribarretsu, horrela ezagutu ditugu Olaitz eta Igor. Euskal selekzioaren eguna zela, Iratiko tourra zela edota Tourmaleteko ekimena zela. Eta orain dela gutxi bizi behar izan dituzten une latz horien aurrean, gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta, bide batez, beraien askatasuna eskatu.

Olaitz eta Igor, zuen umorea eta irribarrea gure bihotzean betiko gordeta geldituko dira eta gurekin eramango ditugu, zuek aske izan arte. Maite zaituztegu! Laster arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo