GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Imanol Oruemazaga | Ondarroa

Euskal preso politikoen abokatuei esker onez

Betidanik miretsi izan dut zuon, euskal preso politikoen abokatuon lana. Urteak joan eta urteak etorri, hor ari zarete aspergabe atxilotuen eta presoen eskubideak defendatzen. Otsoaren ahoan bertan. Otsoaren erpekadak ere zeuon soinetan jasan behar izan dituzue nahi baino sarriago...

Astelehenean Bilbon egon nintzen, Ondarroako azken atxilotuen abokatuek eta etxekoek eskaini zuten prentsaurrekoan, atxilotuei eta haien etxekoei neure elkartasuna adierazi nahirik. Beste hainbat adierazpen eta gertaera mingarri artean, zur eta lur utzi ninduten Alfontso Zenon abokatuak egindako adierazpen hauek: «Auzitegitik kanporatu ere egin gintuzten, ofiziozko abokatuak jarri zizkietela eta hauen abokatuak gu ez ginela esanda».

Zuok, atxilotuen etxekoek izendatutakook, ez bazarete atxilotuen abokatuak, nolako ordezkaritza ote dute ofizioz ezarritako abokatuek? Zergatik atxilotuak espetxeratu eta gero espetxeko ateak irekitzen dizkizuete, haien abokatu gisa, hain zuzen ere?

Zorionez, zuok, Alfontso eta besteok, argi daukazue Auzitegi Nazionalaren erabaki horren eta antzekoen atzean zer estali nahi duten. Argi eta garbi salatu zenuen prentsaurrekoan: «Ez dute nahi atxilotuek dituzten kolpeak ikusi eta kontatzen dituzten tratu txarrak entzun ditzagun».

Eta zuok hor zaudete, haitz bakarti bat bezala itsaso amorratuaren olatuen artean, tinko eta irmo, euskal atxilotu eta presoen eskubideak defendatzen eta gehiegikeria eta zapalkuntzak salatzen. Euskal Herriaren aldeko borrokan lehen mailako lubakietan. Agur eta ohore zuoi, euskal preso politikoen abokatu guztioi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo