GARA > Idatzia > Mundua

Somaliako hiriburutik ihes egiten hasi dira zibilak, erasoen beldurrez

Somaliako Gobernuaren eta Al Shabab nahiz Hezb al Islam gerrillen arteko liskarren beldurrez, ehunka zibilek ihes egin dute jada Muqdisho hiriburutik. Defentsa ministroak, Sheikh Yusuf Mohamed Siyadek, bi talde horietako milizianoei «gogor erasoko» dietela esan zuen.

GARA

Al Shabab eta Hezb al Islam gerrillen kontrako «erasoaldi gogorra» iragarri zuen pasa den astean Somaliako Defentsa ministroak, Sheikh Yusuf Mohamed Siyadek. «Gobernuak baliabide nahiko ditu milizianoei gogor erasotzeko. Muqdishoren kontrola bereganatzeko eta legea eta ordena berrezartzeko plana amaitu dugu. Erasoaldia hiriburuan hasiko dugu, eta ondoren milizia horien kontrolpean dauden eskualdeetara zabalduko dugu», adierazi zuen.

Afrikako hainbat herrialderen eta Europar Batasunaren laguntza militarra jaso du Gobernuak, egun, Muqdishoren zati txiki bat besterik ez baitu kontrolpean. «Ondo trebatutako 7.000 soldadu ditugu. Estatu frantseseko eta Ugandako militarrek horietako batzuk entrenatu dituzte. Baina ez dugu diru, ibilgailu eta arma nahikorik», azaldu zuen Armadaren komandante batek, Gobernuak komunikabideekin hitz egitea debekatu diela-eta, bere identitatea argitu ez zuenak.

Defentsa ministroari erantzunez, Al Shababek gerrarako prest dagoela nabarmendu zuen, eta datozen egunetan dozenaka eraso suizida egingo dituztela. «Etsaiak erasotzen gaituzten lekuan immolatzeko prest dauden 200 bat gazte ditugu», plazaratu zuen Abdi Sheij Abdilahik komandanteak.

«Kristautasunaren alde dagoen Gobernuaren soldaduak hiltzeko prest nago. Duela hiru urtetik gerra santuaren parte naiz eta hala izango da hil artean», adierazi zuen miliziano batek.

Horiek horrela, ehunka pertsonek ihes egin dute jada hiriburutik. Mohamed Goberen familiak seigarren aldiz egin du ihes. Berak gelditzea erabaki du, ordea. «Hemen dugun denda txikia zaintzeko geratuko naiz. Gerrak ez dio sekula ezer onik ekarri Somaliari», esan zuen.

aurreko ihesaldia

Nazio Batuen ACNUR erakundearen arabera, urtarrilean 18.000 pertsonak ihes egin zuten Muqdishotik erasoen ondorioz. Horietako asko hiriaren kanpoaldean bizi dira osasun baldintza kaskarretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo