Laura Mintegi idazlea
Exhibizionistak, voyeurrak daudelako
Ez da jendaurrean aitortzekoa, baina behin baino gehiagotan ikusi ditut batere gomendagarriak ez diren telesaioak, «El juego de tu vida» esaterako. Ulertu nahi izan dut zerk bultzatzen dituen pertsonak euren sekretu ezkutuenak jendaurrean kontatzera, etxekoek ere ezagutzen ez dituztenak. Dirua, pentsatu dut. Diru asko dago tartean eta krisi garaian gaude. Baina ez. Ez da hori. Diruaz aparte badago beste elementu bat, exhibizionismo puntu bat, intimitatea kontatzera animatzen dituena, nahiz eta dirurik jaso ez. Zenbat gazte ateratzen da argazki kameraz astebururo, astelehenean kontatzeko zein «finde» ederra pasatu duen lagunekin?
Alabak esan zidan atzo Tuentiko kontua bertan behera utzi duela. Ez du nahi mundu guztiak jakitea zer egiten duen asteburuan. Nahiz eta berak sarean informazio pertsonalik eman ez, gainontzekoen argazkietan etiketatuta gelditzen denean beraren izena agertzen da. Kontua kenduz gero, argazkietan egongo da, baina beraren izena ez da agertuko.
Galdetu diot ea zergatik dagoen horrelako grina intimitatea kontatzeko: «Ezagunak izan nahi dutelako» erantzun dit, «besteen ahotan egoteko. Zutaz ez badute hitz egiten, ez zara inor». Berak uste du jendeak informazioa emateari utziko liokeela inor ez balego interesaturik informazioaz. Eta galdetu diodanean jendeak zergatik nahi dituen jakin albokoaren sekretuak, atoan erantzun du: «Ikusteko beraien bizitzak ez direla hain txarrak, besteen bizitzarekin konparatuta». Arranopola! «El juego de tu vida» ikusten dudan hurrengoan pentsatuko dut asmo zientifikoaz ari ote naizen, ala ez ote dudan ikusten satisfazio txiki modura.