Sonia Gonzalez Idazlea
Kapitalismo «berdea»
Auto elektrikoa zerbait berritzailea bailitzan aipatzen dute, baina gogoan izan gasolina izan baino lehenago auto guztiak elektrikoak zirela. Orain, dibertsifikatzen hasiak direnez, Repsolek berak ere muturra sartu du negozio honetan
Munduaren jaun eta jabe bihurtzeko sortu zenetik, milaka era izan ditu kapitalismoak bere burua zuritzeko eta ezkutuko grinak estaltzeko. Engainua beharrezkoa dauka, gutxi batzuen boterea eta kontrola gehiengoari ezartzeko. Herritarrak bere premisetara eroan behar ditu, «bake sozialean» istilu handirik gabe bizirauteko. Hor dago «Mendebaldeko demokrazien» eskema hegemonikoa boterea geuk daukagula sinetsarazteko; langabeziaren mamua, lanagatik enpresariei eskerrak emateko; hazkunde makroekonomikoa geure poltsikoen hazkundea bailitzan...
Kopenhagetik Donostiara, klima aldaketatik zientziaren zereginera, auto elektrikotik pasatuta, kapitalismo berdea paseatzera atera dute denon atseginerako. Baina ekologia ez da gai zientifikoa, politikoa baino. Eta gaur egun, zoritxarrez, «politika» dioenak badaki (gutxi batzuen) ekonomiaz ari dela. Orain dena da iraunkorra, bio eta ekologikoa, baina garaipen ekologistatzat jotzen dutenak guztiz itsu daude edo guztiz itsutu nahi gaituzte. Berriro ere, kapitalismoak urteetako aldarrikapenak hustu eta bestelako interes batzuen arabera aprobetxatzen ditu. Aurrerapen teknologikoek ekoizpen sistemak eta kontsumo ereduak aldatzen ditu eta honek ziklikoki kapitalismoaren goraldia dakar. Honelaxe gertatu zen Lehen Industria Iraultzan, lurrun-makina eta ehun-industriarekin, XIX. mendean altzairu eta trenekin; XIX. amaieran elektrizitate, kimika eta motoreekin; eta azkenik, 1940ko hamarkadan elektronika, petrokimika eta automobilekin. Zikloen teoriaren arabera, beste goraldi bat izan behar zen XX. mendearen amaieran, baina informatikak, bioteknologiak eta material berriek ez zuten bideratu. Sortu zuten bakarra akaso burbuila teknologikoa izan zen.
Honela, I+G+B bidetik ez da bosgarren hazkunderik lortu. Eta orain, petrolioaren zikloaren beheraldian gaudela, beste hazkunde baterako balio ez badu ere, behintzat aurrekoaren gainbehera leuntzeko izan beharko litzateke. Zientzia eta ekologiaren diskurtsoak erraz dakar: petrolio merkerik ez zaigu geldituko laster, martxan daukagun makineriari eusteko, behintzat; beraz, inori ezer esan barik, hori ordezkatzen joango gara eta bestelako energia batzuk arakatzen. Eta erregai fosilak mundu honek ezagutu duen gauzarik kutsagarriena direnez, horiek ordezkatzeko ateratzen dugun guztiak «berde», «iraunkor» eta «ekologiko» etiketa eroango du. Honek garraioa (AHT, kasu) eta industria (nuklearrak, termikoak) ez ezik, beste esparru guztiak hartzen ditu barnean. Esaterako, petrokimikak, pestizida eta makineriarekin nekazaritza estentsiboaz ekarri zuen «iraultza berdea» (horrela deitua, ez ekologikoa izateagatik, baizik eta nekazaritza izateagatik). Orain, I+G+B aplikaturik transgenikoei ireki zaie bidea. Auto elektrikoa zerbait berritzailea bailitzan aipatzen dute, baina gogoan izan gasolina izan baino lehenago auto guztiak elektrikoak zirela. Orain, dibertsifikatzen hasiak direnez, Repsolek berak muturra sartu du negozio honetan.
Atera zuen ondorioak, planeta defendatu behar dela uste duzuenok, zein den hemen benetako arerioa. Batek esan zuenez, «la producción capitalista desarrolla la tecnología, sólo que lo hace destruyendo la fuente original de la riqueza: el suelo y el trabajador».