Eñaut Labaien Hondarribiko arraunlari ohia lan istripuz hil da Atarrabiako Newark-en
Eñaut Labaien 33 urteko arraunlari ohia da aurten istripuan hil den bederatzigarren langilea. Atarrabiko Newark enpresan galdu zuen bizia. Hondarribia Arraun Elkarteak bere atsekabea adierazi zuen.
GARA | IRUÑEA
Eñaut Labaien Zapirain Hondarribiko arraunlari ohiak bizia galdu zuen atzo Atarrabian izandako lan istripu batean, Newark paper fabrikan, hain zuzen. Labaienek 33 urte zituen eta bi semeren aita zen, Hondarribia Arraun Elkartetik azaldu zuten legez. Kirol elkarte honek prentsa ohar baten bitartez adierazi zuenez, hildako langileak txiki-txikitan hasi eta 15 urte eman zituen bertan arraunean, eta «taldeak azken urteetan izandako garaipen garrantzitsuenetan parte hartu zuen», besteren artean, 2006ko arraun liga nagusiko txapela. Hurrengo urtean, elkartearen urrezko intsignia jaso zuen, Ama Guadalupeko kide bezala «kirol-ibilbide bikaina burutu ondoren».
Nafarroako Gobernuak azaldu zuenez, Labaienek Atarrabiko paper-fabrikako makinen egoera aztertzen zuen enpresarentzat lan egiten zuen, eta istripua lan horretan ari zela makina baten ardatzak harrapatu zuenean gertatu zen. Une horretan, hondarribiarra beste kide batekin ari zen lanean, baina honek ezin izan zuen ezer egin, eta han bertan hil zen arraunlari ohia.
SOS Nafarroak 11.50ean izan zuen istripuaren berri, eta jarraian anbulantzia bat bidali zuten enpresara, suhiltzaile talde batekin batera, langilea harrapatuta zegoen lekutik askatzeko.
ELAk, LABek eta CCOOk istripua salatu zuten, eta nabarmendu zuten enpresa askotan lan-osasuna bermatzeko neurririk ez dela hartzen. Newarkeko langileek elkarrataratzea egingo dute gaur. Dagoeneko, bederatzi lagun hil dira lan-istripuetan urtea hasi zenetik.