Mandelaren irakaspenak, egitateak eta fikzioa
Nelson Mandela askatu zutenetik hogei urte betetzen dira gaur. Urtemugaz gain, «Invictus» filmaren estreinaldia aukera paregabea da Hegoafrikako askapen mugimenduaren liderrari buruzko ezagutza zabaltzeko. Filma ikusi dutenek oso ona ere ez dela esan arren, halako pertsonaia bati buruzko filma egitea berez zaila dela onartu behar da aldez aurretik. «Invictus» zuzenegia omen da, bai estetikoki, bai ikuspegi dramatiko batetik. Politikoki zuzenegia dela ere esan daiteke. John Carlinen «Giza faktorea» liburuari buruz gauza berbera esan daiteke, hein batean, «zuzentasun» hau bertute ere badela aipatuz betiere. Atzo bertan, «Invictus»en aurkezpenaren harira, «El País» egunkariak bere webgunean Carlinen adierazpen batzuk bildu zituen bideo batean. Haren esanetan, Mandelaz eman duen saindu irudia kritikatu da, baina berak azpimarratu nahi zuen ezaugarri bat oharkabean geratu da: Mandelaren izaera pragmatikoa. Carlinen ustez, Mandelaren ibilbide politikoak argi erakusten du ez dela saindua, ezta Ghandiren tankerako moralista ere. Horrek ez dio, ordea, ontasunik kentzen. Politikari gisa, haren ustez, Mandelaren pragmatismoa nabarmendu behar da (adibidez, borroka armatuarekin jarraitzea askapenerako bide eraginkorragoa zela pentsatu izan balu, horri eutsiko ziokeela uste du Carlinek). Mandelaz saldu nahi den irudiaren oso bestelakoa, zalantzarik gabe.