GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egunkaria»ko auzipetuak absolbitzeko eskatu dute eurodiputatuek

GARA |

Europako Legebiltzarreko hainbat diputatuk «Euskaldunon Egunkaria»ren aurkako auzia salatu zuten atzo Estrasburgon, eta absoluzioa eskatu zuten, «epai justua» hori litzatekeela argudiatuta. Babesa agertu duten eurodiputatuetako batzuek Martxelo Otamendirekin batera egin zuten agerraldia Legebiltzarrean bertan.

Hain zuzen, Izaskun Bilbao (EAJ), Ramon Tremosa (CiU), Oriol Junqueras (ERC), François Alfonsi eta Catherine Greze (Berdeak) eta Raul Romeva (ICV) izan dira Otamendirekin. Europako Liberalen eta Demokraten Aliantza (ALDE), Berdeak-ALE edota GUE-NGL taldeetako kideek eman diote babesa ekimenari, eta atxikimendu gehiago jasotzen ari dira.

Aurkeztutako adierazpenean «komunikabideen askatasuna eta pluraltasuna errespetatu» egin behar direla diote, eta «Egunkaria»ko auzipetuek jasandako torturak ere salatzen dituzte NBEko kontalari berezi Theo van Bovenek 2004an egindako txostena gogora ekarriz.

Epaiaren zain

Joan den otsailaren 1ean bukatu zen «Egunkaria auzi»ko epaiketa, eta geroztik epaiaren zain daude. Defentsak eta fiskalak absoluzioa eskatu arren, AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte auzipetuentzat. Bestalde, bihar elkarretaratzea egingo dute Bilboko Arriaga plazan, 12.00etan, gehiengo sindikalak deituta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo