Donostiako frankismoaren biktimek esku hartzeko eskatu diote Elorzari
Oihane LARRETXEA
Frankismoak Donostian 400 biktima inguru utzi zituen. Fusilatuak, urteetan kartzelatuak, ondasun guztiak galdu zituztenak, baita garai hartan desagertu, eta non dauden gaur egun argitu gabe jarraitzen dutenak ere. 2005az geroztik, Genozidioaren Biktimen Elkartea horien guztien alde ari da lanean, Donostian, elkartea ofizialki iaz erregistratu arren. Hamabost lagunek osatzen dute, eta Gotzon Etxarri kideak azaldu bezala, baliabide urrirekin eta ahal duten moduan egiten dute lana. Horregatik, biktimen duintasunaren alde ikertzen jarraitzeko, Udalaren laguntza «ezinbestekotzat» jotzen dute. Eskaera hori eta beste batzuk egiteko, bilera egin zuten asteartean Odon Elorza alkatearekin.
Etxarrik atzo GARAri azaldu zionez, «oso pozik» atera ziren bilkuratik, alkateak «jarrera irekia» eta «entzuteko prest» zegoela erakutsi zuelako.
Mahai gainean jarri zituzten proposamenetako bat izan zen desagertuta dauden gorpuzkinak bilatzeko bitarteko guztiak ahalbidetzea: «Badakigu Ulian gorpuzkinak daudela, baita burdinazko zubiaren inguruan ere. Jar daitezela eskura dauden bitarteko guztiak arrasto horiek lurretik ateratzeko, eta egia bilatzeko. Benetako egia nahi dugu», argitu zuen Etxarrik.
Egia, justizia eta ordaina
Halaber, «egia, justizia eta ordaina» eskatu zioten alkateari. Elkartekoek aipatu zuten azken 73 urteetan Udalak ez duela horren aldeko ezer egin, eta «pertsona horiei duintasuna bueltatzeko garaia» dela. Hala, «justiziaren beharra» nabarmendu zuen Etxarrik, «arduradunek aitor dezatela gure herriaren aurka burutu zuten suntsipena». Azkenik, ordaina. Ez ekonomikoa, morala baizik: «Aitona eta amona hauek ez dute dirua nahi, moraltasunaren erreparazioa da bilatzen dutena». Etxarrik ohartarazi zuenez, kide gehienak zaharrak dira jada: «Lehenbailehen jarri behar gara lanean. Esaterako DNA probak egin, gorpuzkinak aurkituz gero egiaztatu dadin senideak diren ala ez. Askok ez dakite aita edo ama non daukaten eta erantzuna merezi dute».
Kaleetan frankismoaren biktimen omenezko elementuak jartzeko ere eskatu zuten, hala nola Zurriolako pasealekuan horien omenez dagoen plaka lekuz aldatzeko: «Gaur egun plaka lurrean dago, zikinkeriaz beteta, beraz, leku duin batean nahi dugu, eta hein horretan Elorzak arrazoia eman zigun». Lehen harremanaren ostean, ikusteko dago hurrengoa noiz izango den, baina Etxarrik esandakoaren arabera «itxaropentsu» daude eta laster izatea espero dute.