Pearl Jam eta Rammstein hasi dira koadrila biltzen Bilbao Live jaialdirako
Uztailaren 8tik 10era, ostegunetik larunbatera, ospatzekoa da aurten Bilbao Live musika jaialdia, eta Pearl Jam zein Rammstein izango dira bertako izar nagusiak. Atzo beste zortzi talde iragarri zituen Last Tour International jaialdiaren antolatzaileak, eta rock festa berotzen hasia da dagoeneko: Slayer, Manic Street Preachers, Jet, Rise Against, Coheed & Cambria, Bullet for my Valentine, Rise to Fall eta Capsula izango dira entzungai Kobetamendin.
A. BILBAO | BILBO
Uztailaren 8tik 10era izango da Bilbao Live jaialdia Kobetamendin. Orain gutxi jaio zenetik nazioarteko izar handiak jasotzera ohitua, asko izan dira bertan jo duten talde sonatuak, Metallica edo R.E.M., kasu. Aurten grunge garaietako Pearl Jam taldea -estatubatuarrek hogei urte betetzen dituzte oholtza gainean- eta Rammstein germaniar seikote indartsua izango dira afixa buruak, atzo, beste zortzi talde iragarrita koadrila osatuz doazenak. Modu horretan gainera, egunak ere osatuz doaz, apurka-apurka.
Osteguna, uztailak 8, egunik metalikoena izango den itxura hartzen ari da, Rammstein lagunduko duten Slayer -trash metalaren funtsezko taldea-, Rise Against -«Appeal to Reason» da Chicagokoen azkena-, Coheed & Cambria -rock progresiboa, New Yorketik-, Bullet for my Valentine -Galeseko metalcore talde melodikoa- eta Rise to Fall taldeekin batera. Azken hauek bilbotarrak dira, azken Bilbo Hiria lehiaketa irabazi eta plazaratzear den «Restore the Balance» aurkeztuko dutenak.
Ostiral rockeroan, berriz, etxeko Capsula taldeak lagunduko du Pearl Jam. Bi argentinarrek sortua bada ere, egun Bilbon egokituta dago Capsula hirukotea. «Rising Mountains» bikaina da beren azken lana, etxean zein atzerrian arrakasta izan duena.
Larunbata noiz helduko zain
Larunbata, momentuz, atzo iragarri Manic Street Preachers eta Jetek osatuko dute eta soinurik «leun eta atseginenak» jasoko dituen itxura du. Aurrenekoak Galesekoak dira eta eskarmentu handia dute. «Journal For Plague Lovers» dute azken lana. Jet taldea berriz, australiarra da. Bilbon «Shaka Rock» aurkeztuko dute, baina debut laneko «Are You Gonna Be My Girl?» hita dute kanturik ezagunena.
Uztailaren 8tik 10era ospatuko da jaialdia, ostegunetik larunbatera, eta sarrerak salgai dira dagoeneko. Hiru eguneko bonuak 110 euro balio du, eta egun bakarreko sarrera bakoitzak 50 euro.
Uztailak 8, osteguna:
Rammstein + Slayer + Rise Against + Coheed & Cambria + Bullet for my Valentine + Rise to Fall...
Uztailak 9, ostirala:
Pearl Jam + Capsula...
Uztailak 10, larunbata:
Manic Street Preachers + Jet...
Sarrerak: Egunekoak, 50 euro. Hiru eguneko bonoak, 110 euro.