Filipe Bidarten kontra Parisek duen «mendekuzko jazarpena» salatu dute
Bai abokatua, bai bere sostengu batzordeko kideak haserre agertu ziren atzo, Baionan, Filipe Bidartek jasaten duen «bereizkeria» dela-eta. Baldintzapeko askatasunean hiru urte darama eta bere herrian behin-behineko egonaldiak egiteko aukera «sistematikoki» ukatzen diote epaileek.
Arantxa MANTEROLA |
Zazpi alditan eskatu eta zazpitan errefusatu. Hori da Filipe Bidart preso ohiak baldintzapeko askatasunean dagoenetik bere herrira joan ahal izateko baimena eskatu duen bakoitzean epaitegietatik jaso duen erantzuna.
Orain hiru urte espetxetik atera zenetik eskaeron inguruan izandako gorabeherak azaldu zituen atzo, Baionan, bere abokatu Filipe Aramendik Filipe Aska! batzordeko kideekin batera.
2007ko otsailaren 14an baldintzapeko askatasunean utzi zutelarik, besteren artean, Pirinio Atlantikoetako departamenduan egotea debekatu zioten eta Beziers hirian bizi eta lan egiten du geroztik.
Gabonetan edo familiako ospakizun bereziren batean bere herrian, senideekin, egun batzuk igarotzeko eskaera egin izan du baigorriarrak. Orain urtebete ere Nafarroaren historiari buruzko hitzaldi batean hizlari gisa aritzeko eskaera egin zuen. Guztiak ukatu dizkiote.
«Desegokia» litzateke
Aramendiren esanetan, hasieran zigorren aplikaziorako epaileak berak atzera botatzen zizkion eskaerak «desegokitasuna eta ordena publikoa aztoratzeko arriskua» argudiatuta. Alta, 2009an egindakoentzat bere oniritzia eman izan du, baina Fiskaltzak, «sistematikoki» helegitea ipini ostean, Dei-auzitegiak ukatu egin ditu.
Azken aldian, ordea, «muga guztiak gainditu dituzte», abokatuaren iritziz. Izan ere, helegiteak beti azken unean aztertzen zituztela ikusita, joan diren Gabonetarako, hilabete lehenago egin zuen eskaria. Baina erabakia hartzeko gaitasuna Pariseko zigor-epaitegiari ala Bezierskoari ote zegokion, bateko epaileen deliberoa, besteko Fiskaltzaren helegitea haren aurka, eta hala, hamaika joan-etorriren ostean, azken erabakia urtarrilaren 26an hartu, eta otsailaren 1ean jakinarazi zioten Bidarti.
«Gabonetako egunak igaro zirela-eta, eskaerak dagoeneko funtsik ez zuela ebatzi zuen dei-auzitegiak. Eta horretarako, gainera, Filipe bera Parisera joanarazi zuten. Hau guztia probo- kazio hutsa da», esan zuen Aramendik, haserre.
Terexa Mitxelena eta Battit Amestoi Filipe Aska! batzordeko kideek ere Fiskaltzak eta auzitegiek Bidartekiko duten «herraz eta mendekuz beteriko jazarpena» gogor salatu zuten. «Baldintzapean dagoen beste edozein preso ohik bezala, Filipek ere eskubide osoa du egonaldi laburretarako baimena ukaiteko, baina argi da euskal militanteei aparteko tratamendua aplikatzen zaiela», gaineratu zuten biek ala biek.
Oro har, euskal preso politikoekin daramaten jarrera, Lorentxa Guimonen adibidea, edota urteak igaro arren, Iparraterrak erakundeko preso ohiek jasaten duten kontrola eta zigor ekonomikoak ipini zituzten «jokaera onartezin» horren lekuko.
Euskal militanteen eta, kasu honetan, Filipe Bidarten kontrako «bereizkeriari amaiera jartzeko, jasandako errepresioaren tamaina berean erantzutea» dela bidea nabarmendu zuten baigorriarraren lagunek.