GARA > Idatzia > Kirolak> Real Unión

Puntuak, aurkaria baino garrantzitsuagoak

GARA | IRUN

Jaitsiera postuetan egonda, aurkariaren egoerak garrantzia galtzen du. Eta horretan dabil Real Union, Cartagena bisitatu behar duen astean; puntuak behar ditu eta ez dago besterik.

Izan ere, Goran Maricen ustetan, taldeak ez du joan behar Cartagenara «berdintzeko asmoarekin, baizik eta garaipena helburu bakartzat hartuta», gorakadarekin jarraitzeko, eta lehen baino lehen azken postuetatik ihes egiteko. Bide horri ekiteko, «asko lagunduko digu, batez ere moralki, Albaceteren aurkako garaipenak».

Eta ez bakarrik arlo psikologikoan. Zazpi partidatan garaipenik lortu gabe egon ondoren, Real Unionek lau puntu eskuratu ditu bigarren itzuliaren hasiera honetan, «eta horrek egoera askoz erosoago batean kokatu gaitu». Batez ere igandeko garaipenak. «Beharrezkoa zen bolada hori amaitzea eta garaipen bat lortzea. Modu onean egin genuen eta muga hori gaindituz gero, hurrengo jardunaldian ere hiru puntuak lortzea izan behar da gure asmoa, aurkaria zein den kontuan izan gabe», Cartagena hirugarren postuan egoteak «talde sendoa» dela erakusten duen arren.

Bestalde, bai partida honi, bai hurrengoei begira, Maricek nabarmendu zuen Real Unionek «azken minutuetan ganoraz erantzuten» ikasi behar duela, eta are gehiago igandean sufritutakoa ikusita. «Aurretik bagoaz, partidak itxi behar ditugu, aurkariari jokatzen utzi barik».