GARA > Idatzia > Kultura

Toribio Jauregi, pilotalekuetako zirrikitu guztien testigu

Bilboko Euskal Museoak, «Euskaldunen pilota jokoa» erakusketaren ondotik, frontoi giroan murgilduta jarraitzen du. Oraingoan, Toribio Jauregi (1896 - 1969) Bergarako argazkilariak hainbat pilotalekutan jasotako testigantza biltzen du.

p042_f01_148x111.jpg

A. ARRUTI | BILBO

«Toribio Jauregi, pilotazale bat kameraren atzean» izena jarri diote erakusketari eta horixe izan zen bergararra, pilota eta frontoi giroa izugarri maite zuen argazkilaria. Antzuolan jaio zen 1896an baina Bergaran bizi izan zen 1969an zendu zen arte. Denetariko argazkiak egiten zituen, baina sarri joaten zen pilotalekura.

Bilboko Euskal Museoak Jauregiren 34 argazki bildu ditu orain erakusketa batean. Aurretik «Euskaldunen pilota jokoa» zeukaten bi aretoetan. Dokumentazioa eta historia biltzen zen gelan kokatu dute eskaintza berri hau eta bertan egongo da abuztuaren 29ra arte.

Jauregiren argazkiek, jokoa ez ezik, frontoi inguruan elkartzen zen giroa ere jaso zuten: pilotariak, ikusleak, entrenamenduak, apustuak, botileroak, epaileak... «Goxotasun berezi bat daukate Toribioren argazkiek. Ez da pilota jokoa bera bakarrik agertzen», azaldu zuen Amaia Mujika museoko teknikariak. «Ateratzen ditu bai publikoa, agian kazetariren bat ageri delako, bai erretiratuta dagoen pilotari bat dagoelako bere familiarekin, bai etxe aberatsetako emakume bergararrak... Frontoiko giroa biltzen du azkenean. Gainera, oso ikuspuntu polita dauka, oso goxoa», gaineratu zuen. Ikuspuntu horrek 1930eko hamarkadatik aurrera pilotalekuetan bizitakoaren irudi oso bat eskaintzen du. Bergaran ez ezik, bailara eta inguruetako pilotalekuetara ere joaten zen Jauregi, Tolosako Beotibarrera, Eibarko Astelenara edo Oñatiko frontoira, gehienbat.

«Kirola asko gustatzen zitzaion. Hamarkada haietan, herri guztietan zeuden txirrindulari lasterketak, pilota partidak, erromeriak... Eta Jauregik bere ondoan gertatutako ia guztia jaso zuen argazkitan», esan zuen Mujikak.

Isabel Vidarte izan da erakusketa honen komisarioa, orain dela gutxira arte Eibarko Astelena pilotalekuaren jabetza izan duen familiakoa da bera eta, beraz, pilota mundua bertatik bertara ezagutzen du.

Jauregik ez zuen pentsatuko ziur aski esku artean zuen altxorra zenbaterainokoa zen. Haren seme Bixentek, ordea, Bergarako artxiboari eman zion osorik eta horri esker dago orain ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo