Tentsioa beharrezkoa da, presioa inolaz ere ez
GARA | DONOSTIA
2x3. Ez da supermerkatu baten azken kanpainaren slogana, baizik eta Realaren bolada txarraren isla, zenbakitan. Baita, ondorioz, jokalari zuri-urdinak egunero entzuten ari diren soinua.
Ez dute, baina, inolako presiorik sentitu nahi, Mikel Aranburuk atzo gogorarazi zuenez, «edozeinek nahiko bailuke gure lekuan egon». Orain dela hiru asteko abantaila «mantentzea nahiago genuke, baina aldea oraindik handia da». Izan ere, baikorrenen teoriak sostengatzeko modukoa da: denboraldiko boladarik kaxkarrena bizitzen ari da eta, hala ere, bi puntutan besterik ez da murriztu laugarren sailkatuari ateratzen dion aldea.
Horregatik, donostiarren apustua «tentsioa mantentzea» da, «baina burua galdu gabe». Hau da, boladari amaiera lehen baino lehen ematea, tentsioak sortzen duen azkartasunarekin, eta ez presioak sortutako presarekin. Antzeko filosofiaz hartzen du Aranburuk Nasticen aurkako partida -bisitari arriskutsuena-: «Talde ona da, maila oneko jokalariekin, baina tokatzen zaigun aurkaria da, besterik ez. Eta gainera, guk geure buruari begiratu behar diogu eta etxean sendotasuna berreskuratzen saiatu», azpimarratu zuen.
Españako 21 urtez azpiko selekzioak, bestetik, Emilio Nsue deitu du datorren astean Las Rozas kirol instalazioetan egingo dituzten lan-saioetan parte hartzeko.