Binakako Txapelketa
Ibai Zabalak Otxandorena ordezkatuko du Urretxun
Jon ORMAZABAL
Jardunaldiek aurrera egin ahala, lesioak pilatzen ari dira, batez ere Asegarcen, eta Iñaki Otxandorena izan da zerrendako azkena. Ruben Belokiren ordezko gisa sartu zen Mugairekoa txapelketan eta bihar, Urretxun, Ibai Zabalari utzi beharko dio bere lekua, ez baitago partida jokatzeko moduan eta Burlatakoa ere ez baita osatu.
Atzo arratsaldean, Urretxuko Ederrenan bertan, hartu zuen Asegarceko pilotariak ez jokatzeko erabakia, material aukeraketaren ostean. Pilotak aukeratzeko ekitaldia ageriko normaltasunez burutu zuen atzelari nafarrak, baina amaitutakoan ez zuen sentsazio onik eta partida jokatzeari uko egin zion.
Ibai Zabala berriztar gazteak hartuko du Iñaki Otxandorenaren lekua, eta honek Bigarren Mailako txapelketan ere eraginik izango du. Izan ere, bizkaitarra Iker Arretxerekin ari zen jokatzen, jokatutako lau partidetatik hiru irabaziak zituzten gainera, eta Kepa Peñagarikanok hartuko du bere lekua astelehenean Tolosan jokatuko den txapelketa honetako partidan. Asegarcekoek Retegi Bi eta Cecilio izango dituzte aurkari Beotibarren jokatuko den neurketan.
Pilotei dagokienez, Gonzalez eta Laskurain gustura geratu ziren, baina Oinatz Bengoetxeari ez zitzaizkion gehiegi gustatu, nahiz eta ez zuen kexarik izan.
Saralegik kontratua luzatu du
Asegarce berri iturri bilakatu zen atzokoan, igandean Asier Olaizola ordezkatuko duen Ekaitz Saralegik beste bi urterako berritu baitzuen Bilboko enpresarekin duen kontratua. 2012ko otsailaren 24ra artekoa da gaur Logroñoko material aukeraketan izango den amezketarraren lan hitzarmen berria.
Urretxukoaz gain, Iruñean ere izan zen atzo material aukeraketa, eta bertan Martinez de Irujo-Beroiz -aurreko asteburuko lesioa erabat osatuta- eta Berasaluze VI.a-Beginok hartu zuten parte. Labriten nahikoa zalaparta sortzen ari da jartzen duten materialaren gainean, baina, Beroizen ustez, atzo saskian aurkitu zutena izan zen «orain arteko txapelketan Labriten jarri duten onena. Gureak lurrean bizkorragoak dira eta gustura gaude».
Beginok ere ez zien aitzakiarik jarri pilotei eta, «Idiazabalen bezala jokatuz gero, irabazteko aukerak» izango dituztela nabarmendu zuen.