GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kaukasoari begira

Abkhazia bere bidean

Abkhaziak bere estatu independentea eraikitzeko lanean jarraitzen du, Georgiari bizkarra emanda. Errusiaren babesarekin eta Latinoamerikako hainbat herrialderen aitorpenarekin, Kaukasoko herrialdeak gobernu berria hautatu du, Tbilisitik inoiz baino urrunago.

p006_f01.jpg

Urtzi URRUTIKOETXEA

Galako jantzi zen ostiralean Sukhum Abkhaziako hiriburua, Sergei Bagapsh presidentearen bigarren agintaldia inauguratzeko. Kaleak moztu zituzten poliziek uniformerik dotoreenak zituzten, eta Filarmoniako eraikin berritua eta inguruko parkeak txukun-txukun ageri ziren, oraindik gerrako aztarna asko ageri dituen hirian.

Egungo presidentea abenduan hautatu zuten berriz ere, duela bost urteko zalapartarik gabe. Orduan, Bagapsh Kremlinen hautagai zen Raul Khajimba KGBko kide ohiari gailendu zitzaion eta hainbat trikimailuren ondotik berriz bozkatu behar izan zuten abkhaziarrek. Hego Osetiarekiko aldea bistakoa da, izan ere: biek daukate Moskuren erabateko babesa, baina osetiarrek beren bandera Errusiakoarekin batera jarri ohi dute, eta Abkhaziakoa ikurra, ostera, bakar-bakarrik ageri da ia beti.

Herrietan bizirik dago abkhaziera, baina errusiera da nagusi hiriburuan. Hala ere, 2008ko abuztuan Errusiak independentzia aitortu zuenez geroztik, Kaukasoko hizkuntzaren loraldi txikia gertatu da, kaleetan bertan ikus daitekeenez: gero eta saltoki gehiagok izena elebitan edo are Kaukasoko hizkuntzan soilik ageri dute. «Orain arte bizirauteko politika geneukan. Errusiaren aitorpen babesarekin, ekonomia eta kultura garatzeko eran gaude», adierazi digu presidentearen aholkulari eta hizkuntzalari Viatxelav Txirikbak. Genevara joatean da, Georgiarekiko elkarrizketetara, baina ezer gutxi aurreratu dutela aitortu du: «Mahaitik kanpo mintzatzen gara, baina eseritakoan ez gatoz ezertan bat. Guretzat garrantzitsuena ez garela gehiago borrokatuko bermatzea da, baina ez dute hori sinatu nahi». Errua Europarena dela dio Txirikbak: «Ergelkeria da gu arazoaren zati gisa aintzat ez hartzea. Georgiaren alde lerratzen bazara, nola nahi duzu bitartekari izan? Genevako porrotean erruaren erdia baino gehiago Europak dauka. Gainerakoa, georgiarrek eta guk, baina ulergarriagoa da biok ere gure jarreretan tematzea».

Ezkerraren babesa

«Nola nahiko nukeen Hugo Chavez Abkhaziara etortzea», xuxurlatu zigun Khibla abkhaziar ikasleak Sukhumgo Filarmonian, Hugo Jose Garcia Hernandez Venezuelako enbaxadoreak Abkhaziako herriari «elkartasunezko agur iraultzailea» helarazi zionean. Etengabean ari dira Latinoamerikara bidaiatzen agintari independentistak. Hurrengo aitorpena Boliviarena izatea espero dute. Badakite garaipen politiko eta sinbolikoak direla, abkhaziarrengan ondorio zuzenik gabekoak, aitorpen bakoitza ospakizun handia bada ere. Sobietar Batasun ohia, Ekialde Hurbila eta Europa mendebaldeko ezkerreko mugimenduak dira abkhaziar diplomaziaren beste jomuga.

Atzerri Ministerioan Venezuelako banderak eta ikurrak dira nagusi, baita Kuba eta Nikaraguakoak ere, eta Jordaniakoak eman digu arreta. Ammanen aitorpena ez da bihar gertatuko, baina XIX. mendean kanporatutako kaukasiarren komunitate oso garrantzitsua dago (erregearen zaintza pertsonala osatzen dute), Turkian bezalaxe. Ekialde Hurbilean, lobby politiko eta ekonomiko garrantzitsua dira abkhaziarrak eta haien ahaide zirkasiarrak.

Sukhum hiritik Errusiako mugara berreraikuntza agerikoa da hiri guztietan. Sobietar Batasuneko Riviera zen, eta milaka turista etortzen dira udaro-udaro. Sotxi kilometro gutxira dago. Egiaz, Abkhaziaren itxaropen handienetakoa 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak dira, herrialdearen garapenerako behin betiko bultzada ekonomikoa emango diolakoan. Oraingoz, kontrakoa gertatzen da: Errusiako enpresak dira jaun eta jabe Abkhaziako negozioetan. Abkhaziar jatorriko turkiar enpresariek ere egin dituzte ahaleginak, baina arriskutsuago zaie: duela hilabete gutxi Sukhumera petrolioa zeraman Turkiako ontzia atzeman eta arazo diplomatiko larria piztu zen Tbilisiren eta Ankararen artean.

Abkhaziako georgiarrak

Hiriburutik hego-ekialderantz joanda oso bestelakoa da egoera: txikizioa erabatekoa da. Otxamtxira hirian noria zaharrak sobietar garai oparoak gogorarazten ditu. Laster etorri da polizia sekretua kazetaria galdekatzera eta paperak eskatzera. Zenbat eta ekialderago, orduan eta tentsio handiagoa. Galin ere azalpenak eman behar poliziari. Abkhaziarrek eskualde honetako georgiarrei baino ez diete etxeetara itzultzen utzi. 50.000 inguru dira (200.000tik gora ziren 80ko hamarkadan, Abkhaziako biztanleen erdia baino gehiago). Laster gonbidatuko dute bisitaria beraiekin batera botila ardo edatera, katilukada txokolate hartzera, beraiekin esertzera, are gehiago euskalduna dela jakindakoan, eta Jainkoaren, bakearen, adiskidantzaren edo emakumeen alde topa egiten hasiko dira, Kaukasoko herrietan ohikoa denez.

Ingurura begiratuta, Georgiaren alde ere egingo dute topa, irribarrea eta beldurra nahasian. «Eta Abkhaziaren alde» hustuko du Irakli gizonkoteak hurrengo edalontzia. Gobernuz kanpoko dozena bat elkartek dihardute Galin lanean, dena egiteko dagoen itxura eman arren. «Georgiaren menpera itzuli? Ez dakit, nik gerra gehiagorik ez egotea baino ez dut nahi», dio Iraklik beste baso bat betetzen duen artean.

Derecho

«Si existe una nación viviendo en un país, si siente que sus derechos no están suficientemente protegidos en el Estado al que pertenecen, tienen derecho a optar por un mejor Gobierno e incluso la independencia», afirma el titular de Exteriores abjaso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo