Maria Silvestre Cabrera Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako legeak bost urte
Zure ustez, euskal gizarteak emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege baten beharra al du?
Gaur, otsailaren 18an, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bosgarren urteurrena ospatzen dugu. Bost urte igaro ondoren, galdera horrek harritzen ez bagaitu, legearen beharra eta ontasunak gizartean txertatzen asmatu ez dugun seinale. Legeari artikulu xume hau egiten diot opari, gizartean legea ezagutarazten, hedatzen eta legitimatzen laguntzeko.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko EAEko Legearen arrakastaren gakoetako bat da botere politikoak gaitasuna izatea genero-ikuspegia maila guztietan txerta dadin bermatzeko (mainstreaming), hala nola botere politikoan, sozialean eta ekonomikoan, eta horretarako beharrezko ditugu legitimazio zabala, laguntza eta behar besteko ulermena, Berdintasunerako Legearen moduko lege baten zergatiaren inguruan. Alegia, Berdintasunerako Legea beharrezkoa eta erabilgarria dela uste al dute herritarrek? Eusko Legebiltzarrean gehiengoaren babesa jaso zuen, eta horrek ezbairik gabeko legitimazio politiko eta soziala bermatzen du, baina, nire ustez, oraindik ez du herritar gehienen ustea islatzen, erakundeek genero-berdintasuna defendatzeko egiten dutenari dagokionez.
Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko garatutako legeen ondorio negatiboetako bat «berdintasunaren ameskeria» da, nire iritziz. Berdintasunerako Legea bera xedetzat hartzea akats larria da oso, eta legearen bidez arazo guztiak konpondu direlako uste okerra eragiten du. Legea hastapena da, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde borrokan jarraitzeko berme juridikoa. Legea bera ez da xede, leiho bat da, aukera-berdintasunaren alde lanean jarraitzeko irekitzen dena. Datu askok gordinki erakusten digute oraindik ere benetakoa dela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna: soldata-aldea, hezkuntzan eta lanbidean egiten den egiturazko bereizketan oinarritua; amatasunaren eta aitatasunaren aurrean espero diren jokabide desberdinak; eta erabaki eta botereguneetan emakumeek eta gizonek presentzia bera ez izatea, besteak beste.
Berdintasunerako Legeak eraginkorrak izango badira, hiru oinarrizko irizpide bete behar dituzte: 1. Aplikatu behar diren gizarteetan benetako legitimitatea lortu behar dute; 2. behar adina baliabide ekonomikoz hornitu behar dira, eta 3. gizarte-kontzientzia berri bat egitea lortu behar dute, pentsamolde berri bat, azken batean, sexu-rolen konstruktu sozial eta kultural berriak. Jakin badakit hori ez dela lege baten azken xedea, baina kasu honetan, alderdi batzuetan legeak gizarte-errealitateari aurrea hartu diola deritzot; beraz, aldaketa eragiteko bide izan daiteke.
Legeak, arau guztiek legez, erregelamendu-garapena behar du. Azken bost urteetan, 50 neurri baino gehiago hartu dira legea garatzeko. Erregelamendu-garapenaren zati handi bat mainstreaming-a ezartzeko, hau da, politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzeko behar diren administrazio-egiturak sortzeko izan da.
Legean oraindik garatzeko ditugun alderdiei dagokienez, hiru hauek nabarmenduko nituzke -ikusiko den bezala, garapen-fase desberdinetan daude-:
a) Emakumeen partaidetza eraginkorra sustatzea: Legeak erakunde bat sortzea aurreikusten du, emakumeek eta elkarteek politika sozial, ekonomiko eta kulturalak garatzen benetan eta aske parte har dezaten ahalbidetzeko. IX. Legegintzaldian, Eusko Jaurlaritzak Berdintasunaren aldeko Emakumeen Euskal Kontseilua sortzeko Legea sartu du bere legegintzaldi-egutegian, zehazki, 2011ko lehen seihilekorako. Jaurlaritzak hartutako konpromisoa oso positiboa delakoan nago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeak gizartean gehiago ahalduntzea ekarriko duelakoan.
b) Berdintasuna enpresetan: enpresetan berdintasunerako planak edo programak egitea aipatzen da Legean; gerora, emakumeen eta gizonen benetako berdintasunari buruzko 3/2007 Lege Organikoa onartu zen, Estatu espainiarreko enpresetan berdintasun-planak egiteko eta aplikatzeko derrigortasuna arautu zuena, eta horrek eragina izan zuen legearen erregelamendu-garapena egiterakoan.
Nahiz eta Lege Organikoak 250 langiletik gorako enpresetan berdintasunerako planak egin beharra ezartzen duen, horrelako enpresa guztiek ez dute Legea betetzen. Uste dut ez dela nahikoa legeak erregelamenduz eta arauz garatzea; beharrezkoa da, halaber, diskurtso bat sustatzea, berdintasunaren printzipioa aplikatzeak dakarren justizia sozialaren argudioak sinetsaraziko dituena eta, horretaz gain, aditzera emango duena enpresetan berdintasunaren printzipioa aplikatzeak, ondo eginez gero, eraginkortasuna eta efizientzia areagotu, ekoizpen-indizeak hobetu eta gogobetetze- eta talentu-atxikipen mailak areagotzen dituela.
Enpresa handietan ez ezik, ahalegina egin behar dugu enpresa txiki eta ertainetan ere ( eta «mikro-enpresetan») berdintasunaren aldeko neurriak har ditzaten ahalbidetzeko, EAEko enpresa-ehunaren zati handiena osatzen dutenez gero.
c) Askotariko bereizkeria eta prostituzioa: garatzeko dagoen gaia da, politika publikoetan aniztasunari nola heldu sakon hausnartzea eskatzen duena. Horri dagokionez, politika publikoak diseinatu eta aplikatzerakoan benetako zeharkakotasuna egotearen aldekoa naiz. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko politika publikoak diseinatzerakoan aniztasunaren printzipioa aintzat hartzen saiatzen gara (besteak beste, aniztasun funtzionala duten emakumeen berariazko arazoa; emakumezko etorkinena; mendekotasunak dituzten emakumeena, eta hainbat sexu-orientazioko emakumeena). Hain justu ere, horrelaxe heldu behar diegu gainerako politika publikoei ere, politika ekonomikoari, hezkuntza-politikari, kultura-politikari edo gizarte-zerbitzuen politikari, gizartean dagoen aniztasunaren jakitun egonda, alegia.
Garatu gabeko beste gai bati ere heldu behar diogu: prostituzioari. Eztabaida irekia behar dugu, egiatia, orain dagoen «linbo» juridikotik ateratzeko eta prostituzioa arautzeko moduaren inguruan ahalik eta adostasunik handiena lortzen saiatzeko.
Gure Legea erreferente argia da bai Estatuan bai Europan. Beraz, gure buruak zoriondu beharrean gaude eta legea osoki garatzen saiatu behar dugu, daukan ahalmen osoa bermatzeko. Desberdintasuna ez zaio berezitasunari kontrajartzen, berdintasunari baizik. Izan ere, gure Legeak aldarrikatzen eta babesten du aukera-berdintasuna guztioi bermatzea, emakumeei nahiz gizonei, berezitasunek desberdintasunak eta bereizkeria-egoerak legitima ditzaten saihestuz.
Lege maitea: Zorionak! Urteurren zoriontsua! Eta, batez ere: urte askotarako!