GARA > Idatzia > Euskal Herria

CADE Parisek izendatu bitartekariaren «ezjakintasunarekin» harriturik

Idoia ERASO |

CADE kolektiboko ordezkaritza bat eta Parisek trenbide berriaren egitasmoa aitzina eramateko izendatu berri duen bitartekaria, Marie-Line Meaux, otsailaren 11n elkartu ziren Baionan. Bitartekariak argiki adierazi zuen ez dela trenbide berrien beharraren inguruan mintzatzera etorri, baizik eta azpiegitura berria «ahalik eta adostasun handiena lortuta» egiteko.

Bitartekari lana egin behar duen «Meaux andereak erakutsi duen ezjakintasunak» harrituta utzi ditu elkarteko kideak, «hainbat informazio garrantzitsu gure eskutik jaso baitu», adierazi zuen CADEko bozeramaile Victor Pachonek.

Hauteskundeak

Bilkuran AHTren kontrako kolektiboko kideek bi orduz egoeraren gainean duten iritzia emateko parada izan zuten. Bitartekariak maiatzean François Fillon lehen ministroari idatzi bat eman beharko dio. Aldi berean elkartearen ideiak helarazteko prest agertu da.

Bestalde, kolektiboak martxoan izanen diren hauteskundeetan «bozkatu behar ez diren» alderdi politikoen zerrenda eman zuen aditzera.

AHTren trenbide berriari buruz duten iritziaren arabera sailkatu ditu alderdi politikoak. Lehen itzuliari begira irizpideak badituzte, baina bigarrenean kontsignarik ez dute emanen.

UMP, PS eta FN alderdiei bozik ez emateko eskatu du kolektiboak. Bestalde, trenbide berriaren kontra iritzi argia eman duten alderdiak ondokoak dira: AEI, Europe Ecologie Aquitaine, EH Bai eta NPA. Beraz, boza lau alderdi horietako bati emateko eskatu du CADEk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo