GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Interneten pagotxa

Bada oso zabalduta dagoen uste bat: musika Internetetik «doan» jaisten dugula.

Lagunarekin elkartu eta ukondoarekin jotzen diogu, harro, azken nobedadea jaitsi dugulako hanpatuta. Hilabete amaieran telefonia konpainia geure etxetik pasatzen da bere katiluarekin, baina horrek ez digu horrenbeste axola, haien esku luzea ez dugulako ikusten, kontu korrontean bisita diskretua egiten baitigute. Lehenik, konputagailua erosten dugu, gero sarera konektatzeko tarifa, eta, azkenik, jaitsitako musika biltzeko zerak. Urte amaieran dirutzak uzten ditugu… musika «doan» jaistearren!

Horra geure ekintza iraultzailea: musika ez dugu ordaintzen, jada ez ditugu SGAEko astakirtenak aberasten, eta ez disko konpainia handietako trajedun lapurrak ere. Ongi da. Baina orain beste batzuk aberasten ditugu, akaso aberasteko zilegitasun eta meritu gutxiagokoak gainera: telefono konpainiak, eta, zehazkiago, telefono konpainietako buruzagiak.

Dena, den-dena «doan» lortzeko zeregin horretan lanpostu ugari txikitu ditugu: diskoetxe txikietakoak, adibidez, eta bai musikari askorenak ere. Lanpostuak! Orain kazetaritzaren txanda dator: denok egunkariak Internetez «doan» irakurtzen ditugunez, ez dago kazetarien lana ordaintzeko modurik. Dozenaka egunkari joan dira pikutara, eta ez botereari estuen lotutakoak hain justu; besteak baizik, kaletik eta kaleko jendearentzako sortutakoak, apalak, egiaz dihardutenak. Geuk, ordea, Interneten dena «doan» dela pentsatzen jarraituko dugu, behi gizenak gizentzen, eta behi meharren hezurrak zurrupatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo