Julen MURGOITIO
Korintoarrak gogoan!
Bai, orain ulertzen ditut korintoarrak, ondo ulertu ere. Orain ulertu jasan behar izan zuten presio moduko jazarpen hura, gizajoak! Zama gero haiena! Zenbat eskutitz ez ote zien idatziko Simon eta Judas santuen hamabiko bereko Juan ekintzaile hark? Bai setatia gero! Umetan fraideek kontatuta egia bada, eta haiek egia zelakoan zeuden edo horren itxura behintzat ematen zuten, astero bizpahiru eskutitz izango ziren, eta hainbat urte eman omen zuen hark idazle, temati, eta bidaltzaile. Postariaren alarguna gogoan. Tira, kontuak atera zenbat paper belztuko zuen! Eta korintoarrak eskutitzak hartu eta hartu... eta papera birziklatzeko paperontzirik ez, bilketa atez ate burutzen zuten eta. Egia esan behar badut ez dakit zer demontre kontatzen zien santuak korintoarrei, dakidan bakarra da hauek inoiz ere ez ziotela erantzun, fraideen esanetan, behinik behin. Erantzunik bat ere ez, orain hemen azpiegituren kontra egiten diren alegazioei bezala.
Bai, ikastetxe garai hartako erlijio-orduetatik pasadizo gutxi batzuk baino ez zitzaizkidan buruan geratu; Juan horrenaz gain, hamabikoaren buru batzarraren gorena zenak furgonetatik jaitsi eta tenplura sartuta fariseuak kolpeka, ostikoka eta ukaldika handik bota zituenekoa ere daukat gogoan, berezian. Eta zer esanik ez, Sodoma eta Gomorrako inauteriak, jakina. Horretaz gain ezer gutxi.
Zertara zetorren korintoarrena? A, bai! eskutitzen harira! Azken egunotan Ajuria Etxeko maizterrak eta Sabin Enekoak elkarri etenik gabe bidaltzen ari zaizkion eskutitzen harira! Postari gizajoa gogoan. Eta Sabin horretakoa aipatu dudala, fuertea gero inauterietarako hautatu zuten mozorroa, zein eta Obelixena! Ala Tutatis! Mozorroa jantzi aurretik Obelixen herrixkan gatazkak gainditu eta mitxelinak argalarazteko duten jardunbideez jantzi izan baziren sikiera! Baina ez, azala arraspatu eta zer ikusi? Jaungoikoa eta lege zaharrak, tenpluarena ahaztuta. Hauek joareak urtzen dituzte kristobalak egiteko. Amen. Ekonomiarako ona delakoan.
Portzierto, zer esan Greziako kontuaz? Kontu gorriaz nago. Ekonomialaria ez banaiz ere, denbora ere ez, ezin dut sinetsi hango egoeraren larria bertoko jogurt-sektorean hasi zenik. Ezin sinetsi. Nago ni iraungitze-data gainditu dena, aspaldian gainditu ere, sistema ekonomikoa bera dela, baina saltoki handietan salgai ez denez ez dira beharbada ohartu.