GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Maider Heguy eta Joseba Garai EHbai koalizioaren izenean

Euskararen aldeko lege babesaren premia

 

Iragan den otsailaren 12an, Eskualdeko hauteskundeen kanpainaren karietara Sohütako ikastolako buraso, ikasle eta irakasleek Alain Lamassoure UMP alderdiko hautagaiaren zorioneko bisitaldia ukan zuten. Deigarria da nolazpait, Konstituzioan «Errepublikaren hizkuntza frantsesa da» adierazten duen «Toubon Legea»ren egileetarik bat den arduradun politikoak, gaur egun Ipar Euskal Herrian murgiltze sistemaren bidez, euskararen ikaskuntza bermatzen duen eskolaren gerizapean kazetariak bildu nahi izana.

Iduri du gaur egun, euskarak balio erantsia duelakoan, politikari guziek publikoki harrotu behar dituztela haren defentsan egin balentriak. Haatik, entzuten diren egitasmoen doinu ederrek ez dute beti ber erranahia alderdi bereko arduradun politikoen ahoetan. Izan ere, Alain Lamassoure jauna, bere adierazpenetan, Frantziak Gutxiengoen Hizkuntzei buruzko Europako Hitzarmena izenpetzearen alde agertu da soilik, frantses Gobernu edo Legebiltzarraren aldetik bestelako lege proiektu edo proposamenik eskatu gabe.

Bestelakoa da -ausartago ote?- haren alderdiko kide eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Max Brissonek, duela ez hain aspaldi hainbat egunkaritan jakinarazi zuena, hots, frantziar Estatuko Legebiltzarreko diputatuek apailaturiko lege proposamen baten premia defenditzen zuelarik.

Dena den, adierazpenak adierazpen, euskararen egoera juridiko-politikoaren errealitateak gordina izaten jarraitzen du. Kontseilu konstituzionalak ukatu zuen bere garaian Gobernuak izenpetu Eurokartaren neurri apalenak ere Legebiltzarrak berrets zitzan. Halaber, joan den urterako, Errepublikako lehendakariak eta Kultur ministroak gutxiengoen hizkuntzei buruz hitzeman lege proiektua ez da gehiago beharrezkoa ikusten. Frantses Gobernuaren aldetik, nahikotzat ematen da beraz, 2008an egin Konstituzioaren erreformaren ondotik, 75-1 artikuluaren bitartez, era mugatuan, aitortzen den lege babesa, hala nola eskualdeko hizkuntzak Errepublikako ondare gisa ezagutzen dituena. Alta, ez dira gutxi harantzago joatearen premia azpimarratzen duten erakunde, legegizon, hizkuntzalari, eragile politikoak. Euskalgintzako partaideek ere horrela jakitera eman zuten ofizialtasunaren alde urriaren 24an antolatu zuten manifestazio arrakastatsuan.

Frantziak erakusten duen jokamolde labur eta tematia gero eta gutxiago ulertzen da nazioarteko bilgune eta erakundeetan. Izan ere, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak berriki honela iradoki dio frantziar Estatuari, hala nola Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmeneko 27. artikuluaren arabera alda dezala bere jokamoldea, hizkuntza, erlijio eta populuen ezagutza ofiziala behar bezala bermatu ahal izateko. Berdintasunaren izenean, égalité printzipioetan oinarriturik, Frantziak behin eta berriz gizatalde gutxiagotuen eskubideak zanpatzen ditu.

Akitania Eskualdeko hauteskunde hauetan, EHbai koalizioko partaideek ozenki aldarrikatu nahi dugu euskarak bizirauteko beharrezkoa duen lege babesa. Alabainan, frantses Gobernua lurralde kolektibitateen erreformari lotu zaion garai hauetan, ulergaitza liteke lekuko administrazioak hizkuntzen lege batek eskain lezakeen ahalmen juridikorik gabe bere hizkuntza politika aitzinera eraman behar izatea. Ipar Euskal Herriko biztanle orok arlo publikoko jarduera guzietan bere hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatu gabe, delako berdintasunaren printzipioak osoki ukatuak dira.

Horregatik garrantzi handikoa da heldu den martxoaren 14ko hauteskundeetan, euskarak pairatzen duen mespretxua irmoki salatuz eta euskararen ofizialtasunaren lortzeko bidean baliagarria izan dadin, EHbai koalizioak eginahala boz kopuru gehien biltzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo