BERRIA Koldo Aldabe 2010/2/17
Serio
Hurrengo urteetarako estrategia argitu, eztabaidatu, eta proposamen bat garatu du ezker abertzaleak, herenegun ofizialki amaitutzat jotako prozesuan. Milaka militantek eta jarraitzailek parte hartu duten prozesua izan da, eta ezker abertzalearen aurkako presio judizial eta poliziala gorenean diren unean izanik, balio erantsia duena, eutsi beharrean -logikoa ere litzatekeena- aurrera egitea erabaki baitute.
Erreakzio ofizialetan alderdi gehienek eta gobernuek hoztasuna adierazi dute, eta Zutik Euskal Herria ebazpenak bitartekoetan eta helburuetan berrikuntza nabarmenak eduki arren, ustezko gabeziak seinalatzeari ekin diote, zuzenean deskalifikazioak jaurti ez dituztenean. Espazio politikoa galtzeko beldur direlako apika, hausnarketarako denbora gehiago behar dutelako akaso, mesfidantza beharbada, egungo egoera iraunarazteko estrategia ere bai, baina nekez jar daiteke auzitan proposamenaren seriotasuna eta sendotasuna.