GARA > Idatzia > Ekonomia

Hildako langilearen enpresa ez dela bere azpikontrata esan du EuskoTrenek

Berrizen hil zen langilearen enpresa ez da EuskoTrenen azpikontrata, ostiralean hori zabaldu bazen ere. Datu hori gezurtatu zuen atzo enpresak, eta asteartean izango den epaiketaren aurrean, urriaren 9ko greba deialdia legez kontrakoa izan zela esaten jarraitzen du.

GARA |

Madrilgo Cobra, ostiralean Berrizen zendu zen langilearen enpresa, bere azpikontrata dela gezurtatu egin zuen atzo EuskoTrenek, prentsa ohar baten bidez. Enpresa horrek herrian duen zeregina zein den ez dakiela azaldu du trenbide konpainiak, nahiz eta zabaldutakoaren arabera, istripuan hildako langileak EuskoTrenek azpikontratatua zuen enpresa batentzako lan egiten zuen.

EuskoTrenek ez zuen Cobra enpresa kontratatua, nabarmentzen du oharrean trenbideetako konpainia publikoak. Hala ere, langilearen heriotza eragin zuen istripua deitoratzen duela adierazten du eta familiari doluminak helarazi dizkio.

53 urteko langilea trenak harrapatuta hil zen pasa den ostiral goizean, Bilbo-Donostia lineako hesirik gabeko pasabide batean, Durangoko eta Eibarko geltokien artean. Antza denez, 10.05 aldera, trenbidea zeharkatzen ari zen kamioi baten maniobretan laguntzen ari zenean gertatu zen istripua. Osalan-en hasierako informazioaren arabera, zendutako langilea muntatzaile elektrikoa zen eta kamioitik jaitsi zen N-634 errepideko trafikoa moztu eta gidariari jarraibideak emateko.

Tamaina handiko ibilgailuak kable elektrikorako poste bat garraiatzen zuen, Berrizko Lebario auzoan egiten ari diren EuskoTreneko kotxera berrien lanen barruan, ostiralean zabaldu ziren datuen arabera.

Gutxieneko zerbitzuak

Bestalde, hurrengo astearterako enpresa batzordeak deitutako lanuztea dela-eta, Lakuako Exekutiboak ezarritako gutxieneko zerbitzuak beteko dituela esan zuen atzo EuskoTrenek.

Sindikatuek astearterako deitu dute protestaldia -11.00etatik 13.00etara- izan ere, egun horretan izango baita Lezaman hil zen makina gidariaren heriotzaren ostean eginiko lanuztea legez kontrako greba izan ote zen aztertuko duen epaiketa. EuskoTrenek uste horri eusten dio.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek trenbideetako enpresari eskatu diote zigorrak indargabetzeko eta arestian aipatutako greba deialdiaren kontrako demanda bertan behera utz dezala.

Gutxieneko zerbitzuen harira, asteartean, irteera ordua 11.00etan jarria duten trenak gutxieneko zerbitzuen barruan sartzen direla zehaztu zuen, eta hortaz, ibilbidea amaituko dutela jakinarazi zuen enpresak. Horren arabera, Bilbotik 11.00etan irten eta Donostiara 13.39an heltzen den trena, eta Donostiatik kontrako norabidean irteten dena mantenduko dituztela jakinarazi zuen, eta tranbiarekin ere irizpide berari jarraituko diotela esan zuen.

Asteartean

Hurrengo asteartean izango den epaiketa dela-eta, 11.00etatik 13.00etara sindikatuek deitutako lanuztean Lakuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak beteko dituela esan zuen EuskoTrenek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo