GARA > Idatzia > Kultura

Julio Sotok lortu zuen finalerako txartela Etxarri-Aranazko lehen finalaurrekoan

GARA | ETXARRI-ARANATZ

Nafarroako Bertsolari Txapelketa azken faseetan sartu da; atzokoan jokatu zen, hain zuzen, lehenengo finalaurrekoa. Julio Soto izan zen jaun eta jabe Etxarri-Aranatzen jokatutako saioan eta, beraz, finalerako zuzeneko sailkapena poltsikoratzea lortu zuen.

Berrehun lagun inguru bildu ziren saiorako, aretoa kasik bete zelarik. Bertaratutakoek, maila oneko ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten eta puntuazio altuak izan ziren nagusi amaieran. Hamarreko txikian egindako saioan ibili ziren hobekien bertsolariak, Bertsozale Elkartetik azaldu zutenez. Horrela, Sotoren atzetik (421 puntu), bigarren tokian sailkatu zen Estitxu Arozena (397); hirugarren postuan Oscar Estanga (392); laugarren, Xabier Terreros (390,5); bosgarren, Ander Fuentes, Itturri (370,5); eta azken postuan, Saioa Alkaiza (336). Sotok finalean postua ziurtatu badu ere, gainontzekoek ondorengo saioetan suertatuko diren puntuaketetako emaitzen zain egon beharko dute.

Juan Perurena zendu da

Juan Peruren bertsolari nafarra (Goizueta, 1930) hil zen atzo. 1969an bigarren postua lortu zuen Nafarroako Txapelketan eta Euskal Herriko Txapelketan ere parte hartu zuen. Baztan inguruan saio ugari egindakoa zen. Azken agurra gaur arratsaldean emango diote Arizkunen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo