GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

top 14

Mailari eusteko itxaropena indartu zaio Avironi, jaitsiera postuak atzean utzita

MONTPELLIER 16

AVIRON 22

J.L.

Avironek, aspaldiko partez, jaitsierako postuetatik ihes egitea lortu zuen atzo Montpellierren irabazi ostean. Gainera, Bourgoinek galdu egin zuen, eta horrek berriro ere jaitsieratik kanpo egoteko aukera eman dio. Atzoko aurkaria sartu da orain jaitsierako lehian.

Avironek garaipena ezinbestekoa zuen, bestela mailari eusteko aukerak nabarmen urrituko baitzitzaizkion. Hasieratik zelairatu ziren garaipenaren bila, eta euskaldunek izan zuten norgehiagokaren agintea.

Lehen zati oso ona egin zuten euskaldunek, eta bi entsegu lortuta, 6-12 aitzinetik joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian ere indartsu zelairatu ziren, eta hirugarren minuturako hirugarren entsegua lortu zuten Fauqueri esker, eta markagailuan handitu egin zuten aldea.

Apurka-apurka etxekoak erasora jo zuten, haientzat ere garaipena ezinbestekoa zen-eta. Markagailuko aldea murriztu ere egin zuten, baina euskaldunen lana paregabea izan zen, eta amaieran ongi merezitako garaipena lortu zuen.

Entrenatzaile aldaketa bikain etorri zaio talde lapurtarrari, Gajan aulkian dela, jokatutako bost partidetatik lau irabazi egin baitituzte.

Erietxera

Partida hasi aitzinetik bi taldeetako agintariek, bi herrietako politikariekin batera bazkaria egin zuten, baina janaria egoera txarrean zegoen nonbait, eta gehienak erietxean amaitu zuten. Horien artean zen Grenet, Baionako alkatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo