GARA > Idatzia > Kultura

«lumine motus» argazki taldeak Uribe kostako argia harrapatu eta horman jarri du ikusgai

Argazkizaleak dira eta natura dute maite. Bakarka makina bat urte argazkiak bota eta bota jardun ostean, dozena erdi lagun batu eta Lumine Motus taldea sortu dute orain, denbora luzez egin argazkiak plazara atera eta argazkilaritza ezagutzak partekatzeko.

p058_f01_141x184.jpg

p058_f02_141x96.jpg

p058_f04_141x104.jpg

Anartz BILBAO

Plentziako «Mirando al mar» erakusketak eman digu Lumine Motus taldearen berri. Uribe Kostako itsaslabar, hondartza eta zeruak agertzen dituen argazki erakusketa paratu baitu taldeak Plentziako erakusketa aretoan (Barria kalea, 2), otsailaren 26a bitarte. Larrabetzura joko du gero erakusketak, eta bertan izango dira ikusgai argazkiak, martxoaren 1etik 18ra.

Lumine Motus taldeak plazara atera duen bigarren emaitza da «Mirando al mar. Uribe Kosta» erakusketa. «Paraisos Cercanos» izan zen aurrenekoa, guk taldekide den Mikel Cantalapiedrarekin hitz egiteko baliatu duguna.

Portugaleten jaio argazkilari gaztea da Cantalapiedra, Sopelan bizi dena, hamar bat urtetik hona. Lumine Motus taldeari dagokionez, «taldetxo bat argazkiak egiteko elkartzen ginen beti, batez ere kostaldean (Uribe Kostan), eta egunen batean erakusketak egiteko batzea pentsatzen genuen» azaldu digu, taldearen jatorria gogoan. «Gure helburua, alde batetik, bakoitzak bere ordenagailuko disko gogorrean gordeak dituen argazkirik onenak munduari erakustea da, erakusketen bitartez. Eta bestetik, gure ezagutza, argazkilaritzari dagokionez, elkarren artean partekatzea, modu horretan bakoitzaren jarduna aberasteko». Eta horretarako, duela hilabete batzuk Lumine Motus argazkilaritza elkartea sortu zuten. «Izenak `argiak bultzatuak' edo esan nahi du latinez -argitu digu Cantalapiedrak-. Zazpi lagunek sortu genuen eta egun sei argazkizale gaude bertan». Solaskide dugun Mikel Cantalapiedra Escolarrez gain, Deo Villasante Ormaetxebarria, Juan Angel Regaña Guerrero, Alex Conceiro Igueregui, Joseba Rodriguez Hoyo eta Aitor Peña Inclan -azken hau dute lehendakari, profesionala den eta estudioa duen bakarra baita- dira egun taldea osatzen duten argazkizale amorratuak.

Taldekideak, bakarka ere aritzen diren arren, sarri batu eta elkarrekin joan izan dira argazkiak ateratzera, gainera, «taldea argazki zaletasunak elkartu du-eta».

Lumine Motus talde irekia da baina, eta sarearen bidez gonbidapenak egin diete paisaia argazkilari andanari, «gure argazkiez gozatu eta guztion artean ikasten joateko». Web orri eder bateko foroa baliatu dute horretarako, www.luminemotus.com ataria sortu baitu taldeak, kideek burutu lanak ezagutzera emateko.

Interesgarria da oso taldeak Internet atarian egiten duen lana, argazkiak agertzeaz gain «zenbait argazkien making-offak burutzen ditugu». Bertan, argazkilariek irudiak nola lortu dituzten azaltzen dute, beraien asmoak... -zer-nolako argazkia lortu nahi duzun- eta prozedurak erakutsita.

Puntu honetan, «natura argazki bat egiterakoan, lehenengo urte sasoia ezagutu behar duzu -irakasten digu solaskideak- eguzkiak nondik joko duen jakiteko, haizearen egoera ezagutzeko (hodei forma ezberdinak sortzen baititu haizeak, hegotik edo ekialdetik jo). Aparte, kostaldean marea zaindu beharra duzu (goian edo behean dagoen, harriak agerian izango dira edo ez)...». Eta adibideak jartzen hasita, maisuak dio: «Barrikan badakizu apiril edo maiatz aldera, esaterako, marea behean badago harriak bistan eta alga berde politez josiak izango direla».

Cantalapiedrak, berak egin argazkietan, gogoan ditu iragan irailaren 2an Sopela inguruan egindakoak, «inoiz ahaztuko ez ditudanak, horrelako arrats ikaragarria inoiz ikusi gabea nintzelako». Beraz, argazkilariaren lagunek «Photoshop-a erabiltzen duzu?» galdetzen diotenean, «ez lagunok, toki berera berrehun alditan joan, eta argi berezia aurkitzean kamera bertan izatean datza kontua» erantzuten die berak, «eta ordenagailua ezertarako balio ez duten argazkiz betea izateak».

Argazkiak egiteko, Cantalapiedrak ez ditu gidoiak egiten paperean, «baina bai buruan, argiak, mareak, eguraldia eta beste kontuan izanda». Gero, ehunka aldiz joan behar da tokietara, makina aldean dela. «Eguraldiaren menpe bizi gara, eta argazki polita argiak ematen dizunez, argi berezia dagoenean argazkia ere polita izango da».

«Mirando al mar» erakusketan Uribe Kostako kostaldea agertu dute argazkietan, elkartea osatzen duten argazkilariek gehien landu dituzten paisaiak bertakoak direlako. «Taldekide batzuk Uribe Kostakoak dira, eta sarri ibili gara Getxo, Barrika, Sopela edo Plentziako hondartza eta itsaslabar ederretan argazkiak bota eta bota», dio Cantalapiedrak. Egun Sopelan bizi den argazkizalearen esanetan, «gure inguruan, kostaldeko lekurik ederrenak bertan daude, naturari dagokionez».

Plentzian eskegi erakusketan, «gure kostaldean dauzkagun leku eder-ederrak eskaintzen ditugu, beren momentu ederrenetan», Cantalapiedraren aburuz. Jende askok ezagutuko du Barrika edo Plentzia, baina argazkilaria egunero-egunero joaten da bertara, «momentu konkretu eta berezien bila», eta argazkiak ikusterakoan jendea harritu egiten da, «ikusten dituen argazkietan leku ezagunak baina inoiz ikusi gabeko kolore edo formetan aurkitzen dituelako». Hainbat eta hainbat bider joan eta gero -dio Cantalapiedrak hunkituta-, «batzuetan harrapatzen ditugu momentu berezi horiek, argi berezi horiek, eta lekuak aberastu eta ederrago agertzen dira».

«Paraisos cercanos» aurreko erakusketan agertu zuten modura (Nafarroa, Araba eta inguruko txokoak ageri ziren bertan), «etxe ondoan leku txundigarriak ditugula erakutsi nahi dugu». Eta erakusketa Plentzian kokatu dutenez, «bertakoek ezagunak dituzten kostaldeko parajeak erakutsi nahi izan ditugu, modu berezian».

Erakusketa hogeita hamar argazki inguruk osatua dago, A2 formatukoak (salgai daudenak). Eta egileak sei argazkilari direnez, bakoitzak duen begiratzeko eta ikusteko modu berezia erakusten dute. «Bakoitzak bere estiloa du eta nabaritzen da argazkietan -dio Cantalapiedrak-. Bateren batek zuri-beltzarekin egiten du lan bereziki, eta besteren batek kolorea modu konkretu batean jorratzen du. Bati zeru ederrak gustatzen zaizkio, eta beste bati itsasoaren mugimendua». Izenik, ordea, ez digu azaldu nahi izan, xehetasun hauek ikuslearen kontu gelditzen omen direlako.

Lumine Motus taldeak garrantzi handia eman dio teknikari, argazkiak paperera eramaterakoan, eta arreta handiz landu ditu burutu beharreko pauso guztiak, argazkiak botatzetik horman eskegitzeraino, perfekzionista hutsak direla erakutsita -aretoan bertan ere, orduak eta orduak igaro zituzten argiak non eta nola jarri erabakitzen-. «Egia esateko, egin ditugun bi erakusketek, beste gauza batzuen artean, non gauden ikusteko balio izan digute», aitortu digu Cantalapiedrak. «Zuk pentsa dezakezu primerako argazkiak egiten dituzula, ingurukoek eta familiartekoek goraipatzen dizkizutelako, baina plazara ateratzean, inguruko argazkizaleekin partekatzen duzu zure lana, eta horrek asko irakasten dizu». Eta emaitzari dagokionez, «uste dut oso kalitate oneko lana egin dugula, gurean gutxitan ikusi izan dena», jarraitzen du solasa Cantalapiedrak, inguruko argazkilari eta zaleengandik jaso dituzten iruzkin eta aipamenekin gustura.

«Taldea sortu eta guk burutu lana herri txikietako erakustaretoetan jarri dugu erakusgai aurrena», eta behin inbertsio adierazgarria eginda (argazkiak inprimatzeko prozesua goitik behera zaintzeko), etorkizunera begira, «eskaintzak jasotzen ari gara, toki dotore eta garrantzitsuetan argazkiak eskegitzeko», aitortu digu Cantalapiedrak, egitasmoak ondo lotuta izan arte izenak eta kokapenak aipatzeari uko egin dion arren. Eta hasteko prozesu honetan, adibideren bat ere eman digu. «Guggenheimen adibidez, taldearen argazki batzuk proiektatu zituzten atrioan, kongresu baten bukaera zela-eta, gala afari batean». Beraz, gero eta interes edo jakin-min gehiago sortzen ari da Lumine Motus elkartearen lana inguruotan, eta gustura dira bertako kide argazkilariak. «Lehen aipatu dugun moduan -laburtzen du solasa Cantalapiedrak- elkartu eta ordenagailuetatik argazkiak plazara ateratzea genuen lehen helburua, eta modu berean, gure argazkiak ahalik eta jende gehienak ikustea da gure asmoa».

Makinatik paperera, teknikaren garrantzia
Fitxa

Erakusketa: «Mirando al mar. Uribe Kosta».

Taldea: Lumine Motus.

PLENTZIA: Otsailak 26ra arte. (10.00-14.00/16.00-20.00).

LARRABETZU: Martxoaren 1etik 18ra. Arratsaldez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo