Lehen Maila
Konfiantza, etsai
Camachok ez du nahi Valladoliden arazoek bere taldea moteltzea, eta Teneriferen aurkakoa jarri du eredu.
GARA | IRUÑEA
«Konfiantza da gure etsairik handiena, dena eginda dagoela uste izan, eta beharrezkoa den tentsiorik gabe irteten bagara... Teneriferen aurkakoan, defentsan tentsio handia izan genuen; hori izango da garaipena emango diguna». Azken astean Sevillan galdu arren, Jose Antonio Camachok oso argi dauka zein den bere taldeak gaur arratsaldean egin behar ez duen akatsa. Sailkapenean lasaitasuna izan duten une bakoitzean atzerapauso bat eman dute gorritxoek aurtengo denboraldian, eta atzera begiratzeari uzteko, Osasunak ezin du Valladoliden aurka, Iruñera egoera oso larrian datorrela jakinda, berriro ere hanka sartu.
Gauzak horrela, Osasunako entrenatzaileak oso argi dauka zein izan behar den euren ispilua. «Teneriferen aurkako partidaren oso antzekoa izan beharko luke. Bi jardunaldi gehiago lirateke, eta irabazteak 30 puntuen langa gainditzea ahalbidetuko liguke, atzetik datozenei abantaila handia ateraz, gainera. Beste aukera batzuen ateak ere irekiko lizkiguke», adierazi zuen atzo Taxoaren emandako prentsaurrekoan.
Hutsune asko Valladoliden
Egoera oso bestelakoa da, hutsunez beteta etorriko baita Valladolid. Emaitza kaxkarrez gain, azken bost partidetan ez du partidarik irabazi, eta azken-aurrekoa da sailkapenean. Lesioz jositako taldea etorriko da Iruñera. Mendilibar ordezkatu duen Onesimo jokalari ohiak ezin izango ditu Jacobo, Sisi, Canobbio, Sereno, Luis Prieto eta Nivaldo zelairatu, eta azken orduan Pucelakoen jokalaririk onena den Diego Costa ere deialditik kanpo geratu da.
Aurrelari brasildarrak arazo fisikoak izan ditu azken egunetan eta jokalariak berak, entrenatzaileak eta taldeko sendagileek Iruñean ez arriskatzea erabaki dute, jokalariak taldearen etorkizunean izan dezakeen garrantziaren jakitun. Dena dela, aurrean baino, atzealdean izango ditu arazorik larrienak Valladolidek. Izan ere, Sereno, Luis Prieto eta Nivaldoren hutsuneekin, Baraja eta Arzo dira Valladolideko entrenatzaileak dituen bi erdiko atzelari bakarrak. Edozer gertatuta ere, aurten Sevillako hirugarren taldetik fitxatutako Raul Navas deialdian sartu du Onesimok.
Hamaikakoa osatzeko askoz ere arazo gutxiago izango ditu gorritxoen entrenatzaileak, eta batere ohikoa ez duen arren, astean zehar nahiko argi utzi du zein izango den Valladoliden aurka aterako duen hamaikakoa. Sevillan jokatzerik izan ez zuten Cesar Azpilikueta eta Carlos Aranda berreskuratu ditu Camachok. Biak ala biak hasierako hamaikakoan jarriko ditu Murtziakoak.
Bi horiek izango dira iruindarren lerroetan izango diren bi berrikuntzak, Juanfranek atzo sendagiria jaso zuen arren, ez baita hasieratik arituko. Alacantekoak ezin izan du azken bi jardunaldietan jokatu, apendizitisa sendatzeko ebakuntza egin baitiote, eta titularren artean jokatzeko itxaron egin beharko du.
Min hartuta daude Ludovic Delporte eta Oier Sanjurjo, eta horiez gain, Roversio Rodrigues, Krisztian Vadocz, Jokin Esparza eta Dady ere deialditik at utzi ditu Camachok, Sadarren ondoz ondoko hirugarren garaipenaren bila. Valladolidez gain, konfiantza izango dute etsai.
H
l
s
t
Valladolidek ez du batere gustuko Sadar futbol zelaia, izan ere, Lehen Mailan ez baitu sekula garaipenik eskuratu Iruñean.
Camachok bere talderik onena berreskuratu duen bitartean, Valladolidek hutsune ugari eta esanguratsuak ditu: Jacobo, Sisi, Canobbio, Sereno, Luis Prieto, Nivaldo eta Diego Costa.