GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josetxo Aizpurua eta Deñe Larrabeiti UPV/EHUko LABeko Sail Sindikalaren izenean

UPV/EHUk Ertzaintzarekin hitzarmena, zertarako?

 

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak otsailaren 11ko Gobernu Kontseiluan Ertzaintzarekin Unibertsitateko Segurtasun arloan oinarrizko hitzarmena sinatzeko proposamena aurkeztu du. UPV/EHUko erabiltzaileei segurtasun mailarik gorena bermatzeko, eraikinen eta instalazioen babesik egokiena eskaintzeko eta bizikidetza baketsua dela-eta jarduerak normaltasunez garatzen direla ziurtatzeko balioko omen du. Hau guztia lortzeko planteatzen da planifikatuta eta ondo koordinatuta egotea, prebentzio jarduera erraztea eta eremu akademikoan sor daitezkeen gorabeherak arin eta modu eraginkorrean konpontzea. Orain arte Unibertsitatearen esku zegoen erabakitzea noiz eta zertarako eskatu Ertzaintzaren presentzia. Hitzarmenari esker prebentziorako jarduerei ateak zabaltzen zaizkie eta badakigu beste eremuetan nolako ondorioak izan dituzten.

Hitzarmen hau noren iniziatiba izan da? Patxi Lopezena edo EHUko errektorearena? Errektoreak benetan sinesten du EHUko erabiltzaileei segurtasun maila handiagoa eskainiko diela polizia armatuak campusetan egoteak? Badakigu Patxi Lopezek garatu nahi duen bizikidetza eredu berrirako, giltzapekoa alegia, tresna fina izan daitekeela, baina bizikidetza baketsua dela-eta jarduerak normaltasunez garatzen direla ziurtatzeko Polizia campusetara ekartzea Unibertsitatea ez ezagutzea da.

Edo, agian, segurtasun neurriak garatzeko Unibertsitateko aurrekontuetan erabiltzen diren partidak aurreztea pentsatzen ari da errektorea? 4.500.000 euroko partida zenbatean murriztuko da, noiz desagertuko da? Errektoreak erantzun beharreko galdera irekiak dira horiek, baina EHUko erabiltzaileei eta langileei bizikidetzarako deus ez dakarren lehen hitzarmena sinatuko duela baieztatzen diogu guk; gogoratu besterik ez dago beste momentu batzuetan indar polizialei campusetako ateak ireki zaizkienean sortutako istiluak.

Zertarako nahi du Aresek hitzarmen hau? Bere agintaldian erreparatuz gero, esango genuke euskal ikasle presoen eskubideak aldarrikatzea kriminalizatzeko dela, disidentzia politikoari hegoak mozteko. Aresen nahia ez da Unibertsitatean bizikidetza erraztea, zailtzea baizik. Eskubide politiko eta sozialak urraturik dituzten EHUko kideen eskubideak ukatzea, alegia.

Unibertsitateak sobera frogatu du gaitasuna duela barne segurtasuna bermatzeko, bere «parametro» propioetan, gora-beherekin, tentsioekin, baina bere irizpidepean. Hain zuzen ere, errektoreari dagokio unibertsitate autonomiaren izenean hori bermatzea. Unibertsitate komunitatea heldua da giza eskubideen defentsa egiteko eta bizikidetzarako bermeak garatzeko. Unibertsitatearen autonomia gero eta baldintzatuagoa dagoen honetan, zergatik edo zeren truke orain hau?

Unibertsitateak ez du inoiz izan behar kanpoko agintariek «politikoki zuzena» determinatzen dutenaren isla. Gure herrian, gure Unibertsitateak, gure gizarteak bizi dituen arazoak konpontzeko eragile izan beharko luke; arazoen aurrean konponbideak arakatzeko eragile aitzindaria izan beharko luke... Baina, unibertsitateak bizikidetzaren esparruan hobetzeko agentea izan nahi badu, hitzarmen hau ez da bidea. Bidea ez da agintean dauden politikoen diskurtso itxia eta epe laburrekoa Unibertsitatean txertatzea.

Gure herriak bizi dituen gatazka sozial eta politikoak gainditzeko pentsamendu kritikoari benetako espazioa ematea da bidea. Unibertsitateko komunitate osoari etorkizunerako ildoak guztion artean arakatzeko proposamena egitea da bidea, arazoak gainditzeko erronka proposatzea. Finean, pentsaera kritikoari benetako espazioa ematea.

Hitzarmenak kontrol gabeko protokoloen bidez txeke zuria ematen dio Barne Sailari, guk ez dugu onartzen campus polizial prebentiborik. Hori horrela izan ez dadin, hainbat iniziatiba martxan jarriko dugu unibertsitate komunitateko zenbait erakundek. Gure jendarteak ez du behar unibertsitate prebentiboa, kritikoa baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo