GARA > Idatzia > Euskal Herria

Marko politikoaz aritzea ez duela lehentasuna argitu du Lopezek

Lakuako Gobernuak, EAJrekin bultzatu nahi duen eztabaidan, ez du Gernikako Estatutuaren gaindipenean edo esparru politiko berrien definizioan sakonduko, une hauetan hori ez baita Lopez lehendakariaren lehentasuna. Hori argitu zuen Lopezek atzo, eta EAJri eztabaidatzeko prestutasuna duen ala ez lehenbailehen argitzeko galdegin dio.

p013_f01_032x123.jpg

GARA |

«Gernikako Estatutuaren gaindipena edo esparru politiko berri baten definizioa» Lakuako Gobernuaren lehentasuna ez dela nabarmendu du Patxi Lopez lehendakariak. Era berean, igorritako dekalogoaren proposamenaren gainean «eztabaidatu nahi duen ala ez» behin betiko argitu dezala galdegin dio EAJko buru Iñigo Urkulluri.

Leioako Artaza jauregian, Galiziako Xuntako lehendakari Alberto Nuñez Feijoorekin bildu ostean mintzatu zen prentsa aurrean Lopez. Arratsaldean, berriz, Bartzelonara bidaiatu, eta Jose Montilla, Generalitat-eko lehendakariarekin bildu zen.

Urtarrilaren amaieran Ajuria Enean egindako bileran, elkarlanean aritzeko oinarrizko konpromisoa hartu zuten Lopezek zein Urkulluk; geroztik tirabira handiak izan dira, ordea, bi alderdion artean.

Lopezek atzo gogora ekarri zuenez, «Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizunak beharrezko dituen oinarriak» barnebiltzen dituzten arloak zeuden EAJri luzatutako dekalogoan. Estrategikotzat dauzkaten gai horietan lan taldeak sortzea adostu zuten, bi aldeen artean eztabaidatu eta akordioak lortzeko.

Orain, ordea, Urkulluren alderdia herritarren kezka diren gai hauekin baino arduratuagoa ikusten du esparru politiko berriaren asmoarekin, eta horregatik argitu du Lopezek esparru horren gaineko eztabaida ez dela «inolaz ere bere lehentasuna».

Indarrean dagoen Estatutuaren erreforma egitekotan, «ezinbesteko baldintza» deritzo euskal gizartean eman beharreko aldaketarekin ahalik eta adostasun maila handiena egotea; eta egun, bat-etortze maila nahikoa ez dela «begi bistakoa» omen da Lopezentzat.

Eztabaidak eztabaida, EAJri egindako elkarrizketarako eskaintza oraindik ere indarrean dagoela esan, eta bete gabe dauden transferentzien inguruan Gobernu espainolarekin egin beharreko negoziazioa bere Gobernuak zuzentzen duela gogoratu dio Urkulluri.

Haren erantzuna azkar iritsi zen, eta Estatutua erabat bete dadin eta EAErentzat marko berri bat lor dezan «gogor borrokatzeko» eskaria plazaratu zion Lopez lehendakariari. Bere alderdiak ez duela Estatu espainoleko presidente Jose Luis Rodriguez Zapatero «ez babestuko ez suntsituko» adierazi zuen, baina bere jarrera erabakitzeko garaian, «EAEn zer gertatzen den» garrantzia izango duela ohartarazi zuen.

EAJren asmoa «esparru politikoa XXI. mendera egokitzea» dela esan, eta orain arte lehendakariarengatik jasotako erantzunak ez direla positiboak kritikatu zuen Urkulluk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo