GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Mindegiatarrek ez dute barkatzen

Hilario eta Mieltxo Mindegiak, Mielen anaiak eta semeak, irabazi egin zuten, Andiarenaren eta Mariezkurrenaren aurka jokatutako apustua. Neurketa honek sekulako ikusmina piztu zuen, eta 1.000 ikusletik gora batu ziren Doneztebeko pilotalekuan.

p038_f01-111x111.jpg

Jon LEUNDA

Hilario eta Mieltxo Mindegiak, Miel Mindegiaren anaiak eta semeak, irabazi zuten herenegun Donezteben jokatutako aizkora apustua. Aurrez aurre Andiarena eta Mariezkurrena izan zituzten.

Neurketa honek sekulako ikusmina piztu zuen, eta hori begi bistakoa izan zen herenegun, Doneztebeko pilotalekuak azken urteetako betekadarik handiena izan baitzuen. 1.000 ikusle batu ziren apustua ikustera, eta garbi geratu zen zaleek desafio gosea dutela.

Bikote bakoitzak txanda librean 8 kana-erdiko erdibitu behar zituen, plazara erdibana eramanda, eta alde bakoitzak 1.500 euro jarri zituen dirutan. Lauretatik ezagun bakarra Hilario Mindegia zen. Mielen anaia aizkolaria izandakoa da. 51 urte ditu, eta Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela lortutakoa da. Gainera, Etxebesteren, Ugartebururen edota Arregiren aurka apustuak ere jokatutakoa da, nahiz eta aspaldi samarrean plazetatik kanpo ibili den.

Beste hirurak, berriak. Mieltxo Mindegia, Mielen semerik gazteena da. Hiru semeetan bera zen, gainera, plazetan aritu gabeko bakarra. Aurrean, Iturengo bi gazte, Andiarena eta Mariezkurrena. Hirurak ere 30 urtez beherakoak. Mindegiatarrek Miel Mindegia izan zuten laguntzaile eta Mariezkurrenak eta Andiarenak, berriz, Luixmari Belarra.

Mindegiatarrak tartean direnean askotan faborito izaten dira, eta apusturako ere hala agertu ziren, nahiz eta txanda librekoan, lan laburra zenez, edozer gerta zitekeen. Ez zen, ordea, horrelakorik gertatu, eta mindegiatarrek irabazi zuten apustua.

Saioa bizi-bizi hasi zen, eta lehen kana-erdikoa mindegiatarrek bi segundo aurretik bota zuten. Bigarrengoan, ordea, pare-parean bota zuten, eta lehen bi kana-erdikoetan emozioa gainezka zegoen, baita harmailetan ere, zaleek ez zioten-eta aizkolariak animatzeari utzi.

Hortik aurrera faboritoek aurre hartu zuten. Hirugarren enborrean 13 segundoko tartea zuten, eta lan erdietan, berriz, 21 segundo zituzten alde.

Bigarren zatian, ordea, mindegiatarrek aldea handitu egin zuten, eta seigarren enborrerako minutu bateko aldea zuten beren alde, eta azkeneko bi enborretan alde horri eutsi egin zieten, eta amaieran minutu bat eta segundo bateko aldearekin lortu zuten garaipena.

Enborrez enbor, hauek izan ziren mindegiatarren denborak: 1.11, 3.02, 4.46, 6.51, 8.38, 10.43, 12.55 eta amaieran 15 minutu eta 19 segundo. Andiarenaren eta Mariezkurrenaren denborak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.13, 3.02, 4.59, 7.12, 9.23, 11.45, 13.57 eta amaieran 16 minutu eta 20 segundo. Amaieran zaleek txaloen artean agurtu zituzten aizkolariak, eta kiroltasuna ere handia izan zen, apustua amaitu bezain laster joan baitziren galtzaileak irabazleengana bostekoa luzatzera.

Desafioa oso gustagarria izan zen. Agian laburregia eta dena, oso azkar joan baitzen dena. Laurak maila onean aritu ziren. Hilariok oraindik sasoiko dagoela erakutsi zuen, eta Mieltxok, berriz, sekulako kolpea duela. Mutil handia da, eta gainazalean aritu zen, eta kolpe bortitza erakutsi zuen. Andiarenak eta Mariezkurrenak ere ez zuten lan txarra egin, eta itxura polita eman zuten. Andiarena aritu zen kanpoko lanak egiten, eta Mariezkurrena barrukoak. Kontuan hartu behar da Hilario Mindegia ez beste guztiak lehen aldiz aritu zirela plazan, eta beraiei begira zegoen jendetza kontuan hartuta, nerbioek izango zutela zeresana.

Apustua polita izan zen, eta jendea gustura etxeratu zen. Zaila izango da jakitea hemendik beste apusturik aterako den ala ez, baina zale batek baino gehiagok esaten zuen, halakoak hilabetean pare bat aldiz behar direla.

Apustu gehiago

Apustuen denboraldia hasi besterik ez da egin. Datorren igandean Azpeitian beste bat izango da, Txikonen eta Otaegiren artean. Aizkoran, harri-jasotzen eta korrikan neurtuko dira. Martxoan, berriz, Mendizabalen eta Olasagastiren arteko apustua izango da. Horiek dira oraingoz daudenak, baina besteren bat ere agertuko da agian.

Miel Mindegia, erakusle

Anaia eta semea tartean izanda, Miel Mindegiak ezin zuen hutsik egin, eta bera aritu zen bere etxekoen erakusle lanetan. Luixmari Belarra aizkolaria, berriz, Andiarenari eta Mariezkurrenari laguntzen aritu zen.

Hilario Mindegia: «Hau oso polita izan da»

Mindegiatarrak pozez txoratzen zeuden apustua amaitu zenean. «Hau oso polita izan da. Apustua irabazi dugu, eta pilotalekua gainezka ikustea, horrenbeste jenderekin, hau ikaragarria da», esan zuen Hilario Mindegiak apustua amaitutakoan.

Desafioari buruz, zera esan zuen: «Emanez, baina nahiko lasai, indarrak neurtuz hasi gara. Gero, apurka-apurka aldea atera dugu, eta horri eutsi egin ahal izan diogu», aitortu zuen. Urte mordo bat plazetatik kanpo eman eta gero han itzuli zen Hilario, baina jarraitzeko asmorik ez zuen agertu: «Ilobak nahi zuen apustu hau jokatzea, eta niri ere ilusioa egiten zidan gazteekin aritzeak, eta oso polita izan da, baina berriro lehiatzen hasteko adinik ez daukat. Honelako zerbait ateratzen bada pentsatuko nuke, baina bestela ez», esan zuen.

Mieltxo Mindegia zen Miel Mindegiaren hiru semeetan orain arte plazetan aritu gabea, eta asko gustatu zitzaion bizitakoa: «Asko gustatu zait. Lehen aldia zen, eta oso polita izan da. Irabazi dugu, plaza leporaino bete dugu, ikaragarria izan da. Oso gustura nago», esan zuen zubietarrak.

Osabarekin aritzeak ere lasaitasuna eman ziola onartu zuen: «Osabarekin aritzeak lasaitasuna eta konfiantza eman dizkit. Bera alboan izanda, ni ere hobekiago aritzen naiz», aitortu zuen gazteak.

Etorkizunean aizkoran jarraitzea ez du erraza ikusten: «Asko gustatzen zait, baina ongi ibiltzeko asko entrenatu behar da, baina aldi berean lana ere egin behar da, eta biak uztartzea oso zaila da».

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo