Clermont-Ferrand Zinemaldiko Labo film labur esperimentalen zikloa ikusgai Tabakaleran
Tabakalerak aurten hirugarrenez ateak zabalduko dizkio Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Laburren Zinemaldiari, eta Labo sail esperimentala osatzen duten film labur guztiak emango ditu zinema aretoan.
GARA | DONOSTIA
Gaurtik larunbatera bitarte, Clermont-Ferrand zinemaldiko Labo zikloa emango dute Tabakaleran, 42 film labur esperimentalek osatua. Emanaldiak 20.00etan hasiko dira eta ordu erdiko iraupena dute. Sarrera doakoa baina mugatua da (aretoa ez baita oso handia).
Labo ziklo esperimentala osatzen duten 42 film laburren artean, hogei herrialdetako lanak daude, eta tartean, Britainia Handiko herrialdeek eta Brasilek dute ordezkaritza zabalena. Besteak beste, eta zikloaren aniztasuna erakuste aldera, India, Txekiar Errepublika, Australia edo Taiwaneko filmak ere izango dira.
Clermont-Ferrand hiriak (Estatu frantsesa) urtero antolatzen du mundu osoan son handia duen film laburren arloko zinemaldia. Aurten, urtarrilak 29 eta otsailak 6a bitartean burutu da, 32. edizioa.
Bertan bat egin du gaur egun film laburrak islatzen duen aniztasunak eta bizitasunak, eta medio horretan mundu mailan ekoitzitakoaren zati handi bat aurkeztu dute, hainbat sail eta ziklo tematikotan antolatuta. Aurtengo Laboko sari nagusia «Petite Anatomie de l´image» lanak eskuratu du, Olivier Smoldes belgikar zinemagilearena, eta ostiralean, otsailak 26, emango dute Tabakaleran.
Labo saila proposamen berritzaile eta askotarikoak batzen dituen topalekua da. Edozein teknika motarekin sortutako lanak ikus daitezke bertan, irudiz irudi osatutako animazio tradizionalenetatik hasi, eta baliabide digital aurreratuenekin ekoitzitako lanetaraino.
Estandarretatik kanpo dauden proposamen guztiak sartzen dira Labon; errepresentazioari dagokionez, narrazioari dagokionez nahiz ikuspuntu estetikotik bide berriak jorratu nahian dabiltzan proposamenak. Aniztasuna eta originaltasuna dira Laboren ezaugarri nabarmenenak.
Tabakalerak Labo 2010 edizioari webgune bat eskaini dio, www.tabakalera.eu/labo-2101-clermont-ferrand, aste honetan zehar gertatzen denaren berri zehatza emateko: proiektatuko dituzten filmei buruzko informazio zabala, eguneroko kronikak -Begoña del Teso kritikariaren eskutik-, sare sozialen bidezko jarraipena (Facebook eta Twitter), ikusleen iritzia jasoko duten bideoak, eta abar.
Azkenik, Labo 2010eko katalogoa ere argitaratu du Tabakalerak, aurkeztutako film guztiei buruzko informazioarekin eta argitalpenerako propio idatziriko zenbait saiakerarekin.
«Film labur dokumentala»
Film laburrez gain, besterik ikusteko aukera ere izango dute Tabakalerara bertaratzen direnek, zikloak irauten duen bitartean «Laboren anatomia» izeneko marrazki bilduma ikusgai izango baita bertan. Marrazki horiek aurtengo Labo saila osatzen duten filmetan oinarritutako lanak dira, Lud Chat (Laboko hautaketa batzordeko kidea), Laure Fournier, Claire Wijbick eta Berthe (Cerize Lopez du ezizena) marrazkilariek sortuak.
Gainera, eta aurreko urteetan bezala, mahai-inguru bat antolatu dute azken egunerako, 18.00etan hasita. Eztabaida gaia «Film labur dokumentala» izango da eta parte-hartzaileen artean, Daniela Abke, Koldo Almandoz eta Iban del Campo zuzendariak eta Laboko hautaketa batzordeko kide Xavier Fayet izango dira.
Lekua: Tabakalera (Donostia).
Data: Gaurtik otsailaren 27ra.
Ordua: 20.00etan.
MAHAI-INGURUA: Otsailaren 27an, 18.00etan. «Film labur dokumentala». Parte-hartzaileak: Daniel Abke, Koldo Almandoz eta Iban del Campo (zinemagileak) eta Xavier Fayet (Labo hautaketa batzordeko kidea).