GARA > Idatzia > Kultura

FIAMP jaialdiak Bilboko Euskal Museoaren «Pilota» filma eta bere kalitate estetikoa saritu ditu

Bilboko Euskal Museoak FIAMP Ondareari buruzko Ikus-entzunezkoen eta Multimediaren Nazioarteko Jaialdian metraje ertaineko film onenaren saria irabazi du «Pilota» lanarekin. Pelikula museoan dago ikusgai.

p041_f01_147x100.jpg

A. A. | BILBO

Atorra eta praka beltzekin Oteiza frontoietan pilotan, edo belar gainean laxoa izeneko pilota-joko berezian ikus daitezke, besteak beste, pilotariak film honetan. Bilboko Euskal Museoak Euskal Herrian pilota modalitate ezberdinek izan duten bilakaera islatu du «Pilota» filmean. Lan honek euskal museo batek lehen aldiz jasotzen duen saria eskuratu du: FIAMP Ondareari buruzko Ikus-entzunezkoen eta Multimediaren Nazioarteko Jaialdiarena, hain zuzen.

Kalitate estetikoa eta ikuspuntu didaktikoa izan dira nazioarteko adituek osatutako epaimahaiak «Pilota» saritzean azpimarratu dutena: «Ikusgarria, superrealista, konbentzitzeko modukoa. Helburu informatibo eta didaktikoa betetzeaz gain, bideoak lortzen duen kalitate estetikoak plazer hutsarengatik ikusteko ekoizpen ere bihurtzen du». Amaia Basterretxea Euskal Museoko zuzendariak jaso zuen saria Turinen (Italia) pasa den hilaren 14an. Atzo Bilbon, saria eskuan zuela, «harro» egoteko arrazoiak badituztela esan zuen. «Museo gaietan gure lagun direnek eman diguten errekonozimendua da», gaineratu zuen.

Hamaika minutuko lana da «Pilota» eta metraje ertaineko filmen sailean, 49 hautagaien artean gailendu da. K-2000 ekoiztetxe bizkaitarra arduratu da ekoizpenaz. Bereizmen handian grabatua izan da eta 7x2 metroko pantailan proiektatzen da.

Kepa Junkeraren musika

Pelikulak irauten dituen hamaika minutuetan ez dugu hitz bakar bat bera ere entzungo. Kepa Junkeraren musikarekin batera, pilota hotsek, frontoiko zurrunbiloek edo arnasestuek osatzen dute soinu banda.

Irudiei dagokionez, Euskal Herriko txoko andana zeharkatzen ditu denbora laburrean: Arraiotz, Baztan, Baionako San Andres trinketa eta Bidarrai frontoia, Laudioko Urkixoko markesaren frontoia, Iruñeko Labrit pilotalekua...

Eskuz, palaz, zestaz, frontoian, belarretan, trinketean, sare baten alde banatan... Modalitate guztiak topatuko ditugu pilotari profesional zein afizionatuek osatu duten filmean. Bestalde, partida baten aurreko tentsioa ere transmititzen da. Pilotariak eskuetan takoak jarriz eta aldageletatik kantxarainoko bidea eginez ere ikusiko ditugu. Jokoarekin lotura estua duten artekariak edo pilotak egiten dituen artisau baten lana ere biltzen dira.

Filma Euskal Museoan egongo da ikusgai abuztuaren 29ra bitartean, Toribio Jauregi bergararraren argazkiekin batera, «Euskaldunen pilota jokoa» erakusketari lekukoa hartuz.

KALITATE ESTETIKOA

Nazioarteko adituez osatutako epaimahaiak filmaren kalitate estetikoa eta asmo didaktikoa nabarmendu ditu, «plazer hutsarengatik ikusteko ekoizpen bihurtzen du».

NEURRI BEREZIA

K-2000 arduratu da ekoizpenaz. Bereizmen handian grabatua izan da eta 7x2 metroko pantailan proiektatzen da. Hamaika minutuko lana, 49 hautagaien artean gailendu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo