GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lasserren ustez, Akitaniak airetiko garraioa sustatu beharko luke

Forces Aquitaine hautagaitzaren esanetan, Akitaniako Kontseiluak «ahalegin berezia» egin beharko luke aire-garraioa sustatzeko. Kostu txikiko konpainiak erakarri, eta Ipar Euskal Herri eta Gipuzkoarentzat azpiegitura nagusia Biarrizko aireportua izatea proposatzen du.

Arantxa MANTEROLA |

Biarrizko aireportua hautatu zuten atzo Jean-Jacques Lasserre eta Michel Veunac Forces Aquitaineko (FA) hautagaiek, aire bidezko garraioaz dituzten proposamenak azaltzeko.

Zentristen esanetan, Akitaniako Kontseiluak badu zereginik alor horretan. «Hamaika aldiz planteatu izan diot Alain Rousset presidenteari kostu txikiko konpainiei begira politika sustatzailea abian jartzeko premia. Alferrik, ordea», esan zuen Lasserrek, izan ere, azken urteotan aurrera egin duten aireportu bakarrak mota horretako eskaintza egin dutenak izan direla nabarmendu zuen.

Konpainia horiek erakartzeko laguntzak emateaz gain, eskaintzak «koherentea» izan behar duela adierazi zuen: «Akitaniako aireportuen -sei daude- garapen kontseilua sortzea litzateke praktika koherentea berma- tzeko modua. Kontseilu nagusietako buruek, hiri nagusietako auzapezek eta aireportuetako presidenteek osatuko lukete egitura».

Biarrizkoa garatu

Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriarentzat Biarrizko aireportuak izan beharko luke azpiegitura nagusia, FAren iritziz. Hortaz, Hondarribikoa handitzeko asmoaren kontra azaldu zen zerrendaburua, «segurtasun eta ingurumen arrazoiengatik». Are, Arantxa Tapia Garraioetako Gipuzkoako diputatuak berrikitan esandakoa -hots, «Europako aire-espazio bateratua abian jartzen delarik, hegaldien mugak desagertuko dira»- «onartezintzat» jo zuen, eta jarraian Hendaiako auzapez Battit Sallaberriri «elkartasun osoa» adieraziko diola gaineratu zuen.

Linea berriak irekitzeko apustua ere egin behar dela esan zuen, besteak beste, Madril, Bartzelona, Italia eta Belgikarekin.

TURISMOA

Zerbitzu turismora mugatu gabe, esparru horretara lotutako «industria erakartzeko ahalegin berezia» egitea proposatzen du Forces Aquitaine hautagaitzak. «Turismoaren clusterra sortu eta Euskadirekin mugaz gaindiko osagarritasuna landu» beharko litzatekeela esan zuen Michel Veunac hautagaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo