GARA > Idatzia > Euskal Herria

Proiektu eolikoak aurrera eramatea hitzartu du Lakuak Eudel eta aldundiekin

Lakuako Gobernua ados jarri da Eudel eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin Ganekogorta, Mandoegi eta beste hamabi parke eolikoen proiektuak aurrera eramateko; Arabakoa, ordea, kontra agertu da.

p016_f01_97x132.jpg

GARA | GASTEIZ

Gasteizko Legebiltzarrak ekainaren 18an aho batez erabaki zuen geldiaraztea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eraiki nahi zituzten parke eolikoen proiektuak bideratzeko administrazio urratsak. Energia Eolikoari buruzko Lurraldearen Arloko Plan berri bat, gizarte eragileekin osatu eta adostua, idatzi arte, izapideak bertan behera uzteko eskatu zuten Gasteizko Ganberan.

Atzo jakinarazi zuten, ordea, Lakuako Gobernuak Euskadiko Udalen Elkartearekin (Eudel) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin adostutako hitzarmen baten ondorioz, Ganekogorta (Bizkaia), Mandoegi (Gipuzkoa) eta beste hamabi parke eoliko txikiagoren eraikuntza bideratzera doazela.

Arabako Aldundia, berriz, hitzarmen honen kontra agertu zen atzo. Izan ere, Arabako Ingurumen diputatuak, Mikel Mintegik, adierazi zuenez, «ezin da bat-batean» halako erabaki bat hartu, lehenik eta behin, Lurraldearen Arloko Plan berriak, artean osatzeko dagoenak, zer neurri ezartzen duen jakin arte. Horren harira, Lakuako Industria sailburu Bernabe Undak adierazi duenez, «ezinezkoa izan da» Arabako Aldundiarekin ados jartzea.

Hartutako erabakiaren berri eman zuten atzo goizean Industria batzordearen aurrean, Lakuako Industria sailburuak eta sailburuordeak eta Ingurumen sailburuak. Xabier Garmendia Industria sailburuordeak aditzera eman zuenez, aurreikusita- ko proiektu batzuk, zehazki, Natura 2000 Sarean sailkatutako inguru babestuetan kokatzen direnak, oraingoz ez dituzte gauzatuko, ez behintzat Lurraldearen Arloko Plan berria burutu bitartean.

Aurkeztutako itun honen ondorioz, administrazio bidean aurrera egingo dute Ganekogorta eta Mandoegiko zentral eolikoak instalatzeko proiektuez gain, Eltziego, Mañueta, Motxotegi, Canto Blanco, Zanpazu, Jesuri, Jata, Zierbena, Sollube, La Aceña eta Galdameseko zentral txikiak eraikitzeko egitasmoek.

Oraingoz zerrenda horretatik kanpo geratu dira lau: Arkamoko mendilerroan, Alda-Arlaban Gurutzean, Iturrieta mendietan eta Gazumen egitekoak. Ordunte eta Kolometako proiektuak behin betiko baztertu dituztela ere jakinarazi zuten.

Administrazio bidean aurrera egiteko erabakia atzo plazaratu bazuten ere, Mendiak Aske plataforma ekologistak urtarrilean salatu zuen enpresek jarraitzen zutela proiektuak aurrera ateratzeko urratsak ematen, ez ikusiarena eginez Legebiltzarrak ekainean aho batez hartutako erabakiari, hain zuzen ere, proiektuak geldiarazteko. Urte hasieran egindako prentsaurrekoan, Mendiak Askeko bozeramaileak adierazi zuenez, «Lakuako Gobernuak mendiak industrializatzeko asmoarekin jarraitzen du», eta horren erakusgarri, Lopezen Gobernuak enpresei «tramitazioak eteteko agindurik» eman ez izana.

Euskal mendiak babeste aldera hartu zuen Gasteizko Legebiltzarrak ekaineko erabakia, baina ez da hori izan mendien alde izandako akordio bakarra. Arabako Batzar Nagusiek ere, joan den urteko urrian, zentral eolikoak eraiki ezin diren eremuak finkatu zituzten, babestu beharreko inguruak, orotara, lurralde historikoaren azaleraren %60. Azkenik, Europako Legebiltzarrak ere, iazko irailean, Mendiak Askek egindako eskakizunak onartu eta babesa eman zieten.

Araba kontra

Atzo aurkeztu zuten hitzarmenaren kontrako jarrera agertu du Arabako Foru Aldundiak. Ingurumen Departamentuko diputatuaren iritziz, halako erabakiak ezin dira «bat-batean» hartu.

HAMALAU PARKE

Hartutako erabakiaren ondorioz, Ganekogorta, Mandoegi, Eltziego, Mañueta, Motxotegi, Canto Blanco, Zanpazu, Jesuri, Jata, Zierbena, Sollube, La Aceña eta Galdameseko proiektu eolikoen egitasmoek administrazio bidean aurrera egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo