Ehunka hegaldi bertan behera geratu dira Lufthansako pilotuen grebaren eraginez
GARA |
Alemaniako Lufthansa airelineak, Europako handienak, bertan behera utzi behar izan zituen atzo ehunka hegaldi, konpainiako pilotuek abiatu duten grebaren ondorioz. Sektore honetan Alemanian inoiz izandako grebarik esanguratsuena da, eta ehun milioi euroko galera eragingo dio Lufthansa airelineari. Lau eguneko greba iragarria bazuten ere, pilotuek eten bat egitea erabaki zuten atzo, eta negoziazioak berriro hastea. Hala ere, hegaldien trafikoa ez da lehengora itzuliko asteburura arte. Cockpit sindikatuak, nolanahi ere, argi utzi zuen greba eten egin duela eta ez bertan behera utzi.
Egunero 1.200 hegaldi inguru eskaintzen ditu Lufthansak, baina atzo horien bi heren -zortziehun bat- bertan behera geratu ziren, gehienak Alemaniako hiriak lotzen dituztenak, baina Europako nahiz munduko beste hainbat lekutara doazen hegaldiak ere bai, Andreas Bartels enpresako eledunak onartu zuen legez. Lufthansako filialak dira Cargo eta Germanwings, eta horiek ere grebaren ondorioak igarri zituzten, baina neurri txikiago batean.
Euskal Herrian ere
Grebak Euskal Herrian ere izan du eraginik. Leioako aireportua eta Frankfurtekoa egunero lotzen dituzten sei hegaldietatik atzo «bertan behera» geratu ziren bost. Bizkaitik Alemaniako hirira abiatu zen hegaldi bakarra 6.30ekoa izan zen. Airelineako zuzendaritzak «neurriz kanpokotzat» jo zuen atzo pilotuen mobilizazioa, eta negoziazio mahaira itzultzeko eskatu zien.
Cockpit pilotuen sindikatuak, aldiz, soldaten %6,4ko igoera eskatzen du, nahiz eta eskaera horri uko egiteko prest dagoen, enpresa lanpostuak bermatzeko prest izanez gero.
Bestalde, Lufthansakoek greba gelditzen zuten bitartean, British Airwayseko enpresa britainiarreko langileek beste greba bat iragarri zuten atzo, lan baldintzen eta soldaten murrizketen aurka. Oraindik ez dituzte egunak zehaztu baina litekeena da martxoaren hasieran izatea.