Ikoitz Arrese eta Unai Txurruka Ikasle Abertzaleak-en bozeramaileak
Hezkuntza espainol eta autoritarioari marra gorria!
Azken urteetan bizi izan dugun eraso espainol eta autoritario handienaren aurrean ikasleok erantzun beharra dugu. Pasako ez diren marra gorriak markatu eta berauek borrokatzeko unea dugu ikasleok
Egun Euskal Herrian inposatua dugun hezkuntza sistema espainol eta autoritario honek euskal ikasleon eskubideak etengabe urratzen dituela ez da berria. Ikasle eta abertzaleok urteak daramatzagu bestelako hezkuntza eredu aske eta euskaldun baten aldeko lanean, tinko.
Indar okupatzaileen eta konstituzio arrotz baten jai egunak, gure historia eta kultura ikastea ahalbidetu beharrean, hori galarazten diguten curriculum inposatuak, Euskal Herria aitortzen ez duten mapak, euskalduntzen ez duten hizkuntz ereduak, patriarkatua birproduzitzea beste helbururik ez duen hezkuntza sexista, kartelak modu askean jartzeko debekuak, greba egiteko etengabeko debekuak, bizikidetza arau zigortzaileak, libre antolatu eta borrokatzeagatik mehatxu etengabeak, ikastetxe eremuetan kolore ezberdinetako polizien presentzia itogarria, katxeoak, espedienteak... euskal ikasleok egunerokoan jasaten ditugun eskubide urraketa etengabeak dira hauek.
Guk, bederen, badugu proiektu bat. Euskal Eskola Nazionala. Aspaldi definitua dugu Euskal Herriak behar duen eskola eredua zein den. Aspaldi ekin genion honen aldeko eraikuntza lanari. Bidea, ordea, ez da erraza. Arestian aipatutakoak ikastetxez ikastetxe, klasez klase eta ikasgaiz ikasgai pairatzen ditugun eskubide urraketa nabarienak besterik ez dira. Finean, askea, euskalduna, demokratikoa, anitza, feminista... da eraiki nahi dugun Euskal Eskola Nazionala, kolorez margotutako eskola. Egunez egun hau guztia borrokatzeagatik zigortzen gaituzte gu, ikasleok.
Bide horretan, hiritar espainol eta sumiso izateko hezi nahi gaituzte. Hori da Euskal Herria desagerrarazi nahi dutenen helburua. Horren adibide dira azken hilabeteetan Isabel Celaa eta Alberto Catalan hezkuntza arduradun autonomikoak hezkuntza euskaldun eta askatzailea aldarrikatzen dugunon aurka hartzen ari diren neurriak.
«Euskal Herria» terminoaren aurkako erasoa etengabea da. Celaa sailburuak, ustezko doktrinamendu nazionalista ekidin nahian, curriculum dekretutik kenduko du terminoa. Nafarroan gainera, diru-laguntzak kenduko dizkiete «Euskal Herria» hitza erabiltzen duten ikastetxe zein argitaletxeei.
Euskararen eta, beraz, euskal ikasleon euskalduntzearen aurkako erasoa ere nabaria da. Catalan sailburua Hello eta TIL ereduekin eta bidelagun duen Celaa euskalduntzen ez duten ereduetan sakontzen ari dira. Hizkuntzen berdintasun faltsuaren aitzakiapean egoera minorizatuan dagoen euskara bultzatu ordez, ikasleok erdalduntzen gaituzten ereduak bultzatzen dihardute. Orain, gainera, ingelesa sustatzeko nahiarekin, euskara hirugarren mailako hizkuntza bilakatuko dute.
Eta hori gutxi balitz, ikasleon aurkako erasoak areagotu besterik ez dira egin. Bi erkidegotako Hezkuntza sailek inposaturiko «Ikasleen eskubide eta betebeharren dekretu» atzerakoi eta zigortzaile berria dugu horren isla. Ikasleok aintzat hartu gabe adosturiko dekretu autoritario horiek, elkarbizitza eta garapen pertsonal eta kolektiboak bultzatu beharrean, kritikotasun eza eta lehiakortasuna besterik ez dute bultzatzen, zigorrak eta mehatxuak erabiliz.
Egoera beltza dela ondorioztatu genuen iragan azaroaren 17an kaleratutako diagnostiko nazionalean. Bertan, 93 ikastetxetako errealitate krudela aztertu eta gure eskubideen alde lanean jarraituko genuela berrestu genuen. Ikasle eta abertzaleok ezin dugu eskuak gurutzaturik gelditu. Azken urteetan bizi izan dugun eraso espainol eta autoritario handienaren aurrean ikasleok erantzun beharra dugu. Pasako ez diren marra gorriak markatu eta berauek borrokatzeko unea da ikasleontzat. Dagozkigun eskubideen defentsan eta Euskal Eskola Nazionalaren alde, inposaketa horiek guztiak salatzeko eta baldintzatzeko unea da. Horren guztiaren harira, datorren martxoren 12an, ikastetxe guztietan, geldialdiak eta mobilizazioak deituko ditugu. Isabel Celaak eta Alberto Catalanek inposatu nahi diguten hezkuntza espainol eta autoritarioari marra gorriak markatuko dizkiogu. Ikasle borrokaz lortuko dugu.