Tortura salaketa eta zantzuen segida eskandalagarria, isiltasun eskandalagarria
Urteko lehen bi hilabeteetan 21 euskal herritarrek salatu dute Guardia Zibilak eta bestelako poliziek torturatu dituztela. Horietatik lau ospitaleratu behar izan zituzten atxiloaldiaren ondorioz. Horiek horrela, ez da harritzekoa -zoritxarrez salbuespena bada ere- Ismael Moreno epaileak salaketa horien gaineko ikerketa abiatu izana, lehendik ere haien berri zuen arren. Izan ere, auzitegiko medikuen txostenek egunero jasotzen zituzten atxilotuen salaketak eta egunero helarazten zizkioten instrukzioko epaileari; hala ere, txosten horiek ez ziren inkomunikazio aldia eteteko nahikoa arrazoi izan. Azken bi atxilotuei epaileak torturari aurrea hartzeko protokoloa aplikatu zien, baina neurri horiek ez dute tratu txarrak saihesteko balio izan.
Eskandalagarria da atxilotuek salatu dutena, eta eskandalagarria, halaber, alderdi politikoen eta instituzioen isiltasun ozena, giza eskubideen urraketa eskubide horien zaintzaren, herritar guztien segurtasunaren -baita ere atxilo daudenen- ardura dutenengandik baitator.
Tortura eta hura ahalbidetzen duen katea, inkomunikaziotik zigorgabetasunerainoko katea, eten eta haustea premia bizikoa da.