Okupazio Eguna izango dute gaur Gasteizen, Judimendiko Gazte Asanbladaren eskutik
J.A. | DONOSTIA
«Gaztetxea lortzeko... Atera Hatzaparrak!» dinamikaren baitako ekimen nagusia ospatuko dute gaur Gasteizko gaztetxean. Judimendiko Gazte Asanbladak antolaturiko Okupazio Eguna arratsaldeko seietan hasiko dute Errotako Gazte Asanbladak gidatuko duen truke-azokaren ostean.
Ordu horretatik aurrera, Gasteizko, eta, oro har, Arabako gazteen hainbat esperientzia bilduko dituen mahai-ingurua egingo dute. Honakoa «Gasteizko okupazio mugimenduaren esperientziari eta egoerari buruz hausnartzeko gogoeta irekia izango da», azaldu zion ekimenaren antolatzaileetako batek GARAri. Horrela, «azken hilabeteetako kriminalizazioa» salatu eta «hemendik aurrerako lan dinamika» plazaratuko dute.
Gogoetaren ondoren, berriz, iluntzeko zortzi eta erdiak aldera, luncha egingo dute bertara inguratzen diren guztientzat eta ordu erdi geroago egingo dute ekitaldi nagusia. Jarraian hasita eta goizaldera arte «Guateke Party»arekin «giro ezin hobean» biribilduko dute jaialdia.
Okupazio Egunean gogoan izango dute, joan den urteko Judimendi Gaztetxearen okupazioa, baita ondoren Ertzaintzak kaleratu zituenekoa ere. Hain zuzen ere, iazko ekainaren 11n hustu zuten ertzainek, maiatzaren hasieratik okupatua zegoen Judimendi Gaztetxearen eraikina. Orduan agenteek aginduei aurre egin zieten eta lau gazte identifikatu zituzten, haietako bat adin txikikoa. Lekukoek salatu zutenez, «indarrez» atxilotu eta komisariara eraman zituzten laurak; hala ere, ordu gutxira aske geratu ziren.
Eraikina husten ari zirela kanpoaldean bildu ziren dozenaka lagunen aurka ere gogor jo zuen Ertzaintzak. Han izan ziren gazteek Ertzaintzak airera tiro egin zuela salatu zuten, eta Lakuako Barne Sailetik eraikina hustu bitartean polizia batek «erasota sentitu» zelako egin zuela tiro argitu zuen.