Desafioa
Azpeitiko apustua arratsaldera pasatu dute
J.L.
Joseba Otaegik eta Alex Txikonek bihar eguerdian Azpeitian jokatzekoak ziren apustua, arratsaldera pasatu dute, eta 17.00etan jokatuko da. Gaurko iragarrita dagoen haizetea dela-eta, gaurko 15.00etatik biharko 15.00etara kanpoan egitekoak diren kirol ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, eta apustua eguerdian jokatu beharrean arratsaldean jokatuko da, iragarrita zegoena baino bost ordu beranduago.
Kirolari bakoitzak 25 aldiz jaso beharko du 100 kiloko zilindro zaharra; gero, 14 kana-erdiko ebaki; eta azkenik 7 kilometro egin beharko dituzte korrika. Alde bakoitzak 7.000 euro jokatzen ditu dirutan. Egurrak Otaegik eramango ditu.
Ordu aldaketa horrek ez diela gehiegi eragiten esan zuen Joseba Otaegik: «Niri ez dit ezer aldatzen, eta ez dut uste berari ere aldatuko dionik. Gauzak honela egokitu dira eta ez dago beste aukerarik», esan zuen zizurkildarrak.
Oraingoan ez
Ibarrako 61 urteko Luis Albizuk desafioa botata zuen. 60 urtetik gorako Ibarrako edozeinentzako desafioa bota zuen, aizkoran, korrikan, segan edo harri-jasotzen neurtzeko. Albizu bera azaldu zen Kantabriko tabernan jarri zuen zitara, baina inor ez zen agertu. Ibarrakoak agian zabaldu egin beharko du desafioa, horrela aukera gehiago izan baitezake berak nahi duen apustua jokatu ahal izateko.