GARA > Idatzia > Kultura

Euskararen mesedetan lanean jarduteagatik omenduak

Urtarrilaren 29an hamaika ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak, «euskarari egindako mesede bikainengatik». Atzo jaso zuten Bilbon diploma eta guztiek esker hitzak izan zituzten bai erakundearentzat, baita lankide eta lagunentzat ere.
p049_f01_152x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Ana Maria Etxaide, Joshua Fishman, Jose Angel Irigarai, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete ohorezko euskaltzain izendatu zituen San Sebastian egun bezperan Euskaltzaindiak Donostian egindako osoko batzarrean. Atzo jaso zuten izendapena bermatzen duen diploma. «Jakin badakigu ez duzuela gure bultzadaren beharrik, baina lantzean behin horrelakoak egin behar dira», esan zien Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Omenduek banan-banan jaso zuten diploma eta Joan Mari Torrealdaik eta Imanol Muruak idatzitako Euskaltzaindiari buruzko liburua. Euskaltzaindiaren ikurra ere eman zieten oraindik ez zutenei. Pakita Arregi izan zen diploma jasotzen lehena. Areson jaioa, Soziologia eta Politika Zientzietan doktorea da. «Euskaltzaindiak alaba banintz bezala hartu ninduen», adierazi zuen. Izan ere, euskaltzain urgazlea ere bada Arregi. Euskal Herriko Unibertsitatean katedraduna izan zen erretiroa hartu zuen arte. «Atipiko samarra izan naiz, ez naiz hizkuntzalaritzan aritu. Euskara irakatsi egin dut, lehenengo hizkuntza aldetik eta gero soziologia aldetik», zehaztu zuen.

Gorka Aulestia ondarroarra izan zen bigarrena. Humanitate, Filosofia eta Teologia ikasketak egina eta Literatura Frantses eta Espainiarrean lizentziatua izateaz gain, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeko kide da, eta euskaltzain urgazlea da hau ere. Esker hitzak izan zituen atzo inguruko guztientzat eta «eskainitako ohorearen trukean», Juan Mari Lekuonak eskuz idatzitako eguneroko bat oparitu zion Euskaltzaindiari. «Hemen geldituko da 30 urteko apaiz gaztearen egunerokoa», esan zuen.

Joxe Azurmendi euskaltzain urgazlearen txanda izan zen hurrengo. Zegamarrak «lotsa pixka bat» ematen ziola aitortu zuen; «ni baino ez-akademikoagorik ez da egongo». Idazle eta filosofoa, EHUko Filosofia fakultateko Filosofia Modernoan katedraduna da. «Jakin» aldizkariaren bultzatzaileetarikoa izan zen.

Baratzea ereinez

Luis Baraiazarra meñakarrak hartu zuen hitza gero. «Geure euskal baratzea landuz joan gara 70eko hamarkadatik hona», esan zuen. Filosofian, Teologian eta Euskal Filologian lizentziaduna, lexikologian egin du lan gehien eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldeko kidea da, euskaltzain urgazle izateaz gain.

Suhuskuneko Erramun Baxok ere urgazlea da eta Sustapen Batzordeko kidea. Filosofian doktorea, hogei urte Quebec-en eman zituen eta itzultzean, Ipar Euskal Herriko mugimendu euskaltzalearen partaide izan zen. «Diploma honek oroitaraziko dit bakarrik ez dela ezer egiten, baina elkarrekin bide ederra egin dugula», esan zuen. «Kuraia ematen dit ahal dudan bitartean lanean jarraitzeko».

Eiheralarreko Martzel Etchehandy euskaltzain urgazleak ederki adierazi zuen bere jarduna: «Ni perretxikoa nintzen. Hagitz ongi nengoen harizpean, itzalean». Teologian eta Biblia Zientzian lizentziaduna, argibide batekin agurtu zen, ordea. «Kontuz! perretxiko guztiak dira txapeldunak!».

Ana Maria Etxaide donostiarrak «egunean eguneko lana baino ez» duela egin esan zuen eta gaztetako oroitzapenak kontatu zituen. Euskaltzain urgazlea eta Hizkuntzalaritza Orokorrean katedraduna da.

Jose Angel Irigarai iruindar euskaltzain urgazlea izan zen hitza hartzen azkena. Ez Dok Amairuko kide eta Pamiela argitaletxeko arduradunak Jorge Cortes Izal euskaltzain urgazle zendu berria ekarri zuen gogora. Bestalde, «bertuteak gabezia nola duen salatzen» aipatu zuen: «Egunero euskararen alde ibiltzeak erran nahi du egoera benetan gaizki dagoela». «Ekin eta jarrai lotu behar gatzaizkio lan horri, orain inoiz baino gehiago».

Joshua Fishman estatubatuarrak, Joxemari Iriondo urrestildarrak eta Xabier Lete oiartzuarrak ezin izan ziren Bilbon izan. Gainerakoen argazki ofizialarekin amaitu zen ekitaldia.

EUSKARAREN EGOERA

«Bertuteak gabezia nola duen salatzen: egunero euskararen alde ibiltzeak erran nahi du egoera benetan gaizki dagoela. Ekin eta jarrai lotu behar gatzaizkio lan horri, orain inoiz baino gehiago», esan zuen Jose Angel Irigaraik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo