GARA > Idatzia > Kultura

Gasteizko Jazzaldia gorpuztuz, izen handien parte hartzearekin

Bagenekien De Lucia, Freedom Band eta Buddy Guy Gasteizen entzungo genituela. Orain, Dianne Reeves, Marcus Roberts, Larry Carlton, Joshua Redman ere izango ditugula eta Reinhardti omenaldia egingo diotela jakin dugu. 34. edizioa izen handiekin ari da loditzen.
p050_f01_148x104.jpg

A. BILBAO | BILBO

Gasteizko jazzaldiak atzo jakitera eman zuenez, Django Reinhardti omenaldia egiteaz gain, Dianne Reeves, Marcus Roberts Trio, Larry Carlton eta Joshua Redman Double Trio Mendizorrotzan izango ditugu aurten entzungai, uztailaren 10etik 17ra bitarte izango den 34. edizioan.

Aipatutako izar handiak dagoeneko iragarriak zeuden izar handiei gehitzen zaizkie jaialdiko atal nagusian, eta Paco de Lucia, Freedom Band (Chick Corea, Kenny Garrett, Christian McBride eta Roy Haynesek osatutako bandatzarra) eta Buddy Guyri batzen zaizkie.

Dianne Reeves abeslari sonatua da, lau Grammy sari irabazitakoa eta orain gutxi Euskal Herrian kantatu duena, bai Bilbon bai Donostian. Marcus Roberts piano-jotzaile originala dugu, zortzi urteko isilune luzearen ondotik Roland Guerin kontrabaxu-jotzailearekin eta Jason Marsalis bateria-jotzailearekin hirukotea osatu duena, maisuen piezak berrasmatzeko. Eta Larry Carlton jo eta su dabil 70eko hamarkadatik hona. Michael Jackson, Quincy Jones eta beste mila izarrekin lan egin izan du eta bereak ditu «Cancion triste de Hill Street» telesaileko doinu entzutetsuak ere. 1988an gitarra jotzekoa zen Gasteizen, baina lapurreta batean zauritu zutenez bertan behera utzi zuen zita.

Joshua Redman saxo-jotzailea hirukote bikoitz bat osatuta dator. Rollinsen miresle, honen irudira sorturiko hirukotea biderkatu eta Matt Penman zein Reuben Rogers izango ditu baxua jotzen, eta Gregory Hutchinson zein Bill Stewart baterian. Bukatzeko, Django Reinhardt belgikar ijitoak omenaldia jasoko du jaio zeneko mendeurrenean, Bireli Lagrene Trio (gitarrista ijitoa hau ere) eta Didier Lockwood arrabita-jotzaileak jota.

Aipatutako musikari ezagunei aspaldian nabarmentzen dabiltzan musikari gazte grinatsu batzuk erantsi behar zaizkie, XXI. Mendeko Jazza atalean joko dutenak, Printzipal Antzokian.

Atzo iragarritako zerrenda Rudresh Mahanthappa saxo-jotzaileak eta Vijay Iyer pianistak osatu bikoteak irekitzen du. Estatubatuarrak dira, indiar jatorria dute biek, eta beren musikak ikusmina sortu du. Elkarteekin jarraituta, Jacques Schwarz-Bart laukotea aipatuko dugu segidan, Guadalupeko uhartean jaio saxo-jotzaileak Baptiste Trotignon, Reggie Washington eta Leon Parkerrekin batera osatua. Zerrenda osatuz, beste hiru musikari: Tineke Postma Herbeheretako neskato saxofonista, Maurice Brown estatubatuarra -be bop doinuak hip hoparekin uztartzen dituena- eta Julian Lage Group, 21 urte baino ez dituen gitarra-jotzaile bizkorra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo