Urdaibaiko «Guggenheim Bi»-k hautsak harrotuta dakartza
Atzo Bilboko Bidebarrieta liburutegian izan zen solasaldian, «Urdaibai, museoak eta kultur politika» aukeratu zuen mintzagai Kultura Irekia ekimenak, Guggenheimek Busturialdean gauzatu nahi duen egitasmoa ezbaian jartzeko asmoz, Arregi, Laka eta Murren laguntzarekin.
A. BILBAO | BILBO
Ziklogenesi lehergarriak alerta piztua du egunotan Euskal Herrian, baita kultur munduari dagokionez ere. Atzo Bizkaiko Aldundiak Urdaibain ezarri nahi duen Guggemheimek sortu zuen eztabaida, «gai honek izan duen eztabaida faltan» bat egin zuten hiru solaskideen partaidetzarekin, hausnarketa esparrua ireki eta gizarteari eztabaidagunea irekita.
Lakuan Kultura sailburu izandako Joseba Arregi, Xabier Laka artista eta Miren Jaio arte kritikaria izatekoak ziren mahaian jarrita -unibertsitateko irakasle ere badira hirurak-, baina Maria Murrek ordezkatu behar izan zuen Jaio azken orduan -kideak dira-, Londresen baitzen.
Guztiak kontra
Fernando Golvano gidari zela (txandak atontzeaz baino ez zela arduratuko esan eta arrapaladan eman zuen bere iritzia), mukuru zen liburutegian bi ordu eta erdiz jo eta su mintzatu ziren hirurak, eta entzuleek ere (jende heldu samarra gehienbat) izan zuten parte hartzeko beta. Tartean ziren, besteak beste, Antonio Rivera egungo Kultura sailburuordea eta Iñaki Uriarte arkitekto ezaguna, pare bat aipatzearren.
Eztabaidan Bizkaiko Aldundiaren egitasmoa irmo defendatu zezakeenaren ahotsa bota genuen faltan, hiru solaskideek «natur museo» berriari ezetza eman zioten-eta, hasi orduko. Joseba Arregik, esaterako, horrela ekin zion bere jardunari, «Urdaibai Guggenheim Bi-ri ez» esanda. «Ezagutzen ez denaren kontra egotea zaila bada ere, «egitasmoa zertan den ezagutzera eman ez delako», eman zuen ezetza. «Ezinezkoa da egitasmo bat garatzea, aurretik definitu ez bada». Eta bere kezka agertu zuen, egun politikan «aurretik adostu gabeko eta edukiz hutsak diren egitasmoak iragartzeko joera dagoela-eta».
Lakak eta Murrek ere museoa ez dutela begi onez ikusten erakutsi zuten, Arregik bezain zehatz hitz egin ez bazuten ere. Lakaren esanetan, «orain arteko informazioa eskasa izan da» -Bilboko egitasmoarekin ere eztabaida bahitu zietela dio-, eta egin diren txosten guztietan bi artistek baino ez dute parte hartu. Bere esanetan, «irizpide ekonomikoak dira nagusi, eta naturaren ingurukoak aitzakia». Berak, apustu garbi bat egin eta Lemoizko zentral nuklearrerako eraikina proposatu zuen gainera, egitasmoa bertan paratzeko. Murrek, bestalde, lan nekeza izan zuen Jaioren egitekoa behar zuena ahotan hartzeko, eta Lakak bezala, Urdaibaiko egitasmoaren aurka agertu bai, baina batez ere Guggenheim erakundearen beraren kultur modeloa kritikatzeko erabili zuen hitz egiteko umoretsu luzatu zuen txanda, kultur politikak aztertzeko dugun behar larriaz ohartu ostean.
Erretorika bikainekoa da Joseba Arregi, eta jarreran zakarra ere gerta daiteke. Atzo bera izan genuen eztabaidan gehien parte hartu zuen gizona. Bilboko Guggenheim egitasmoaren sorrera azaldu zuen aurrena -egindako eta hartutako erabaki guztiak defendatu zituen-, eta egun Bizkaiko Aldundiak darabilen egitasmoaren inguruko mesfidantzak agertu gero. Lakak, berriz, mintzaldi filosofikoagoa bota zuen, eta ez sailburu ohiak bezain zehatza, eta Murrek, handik hona saltoka, azken bi hamarkadetan indarrean izan diren kultur politikak eta kudeatzeko moduak zalantzan jarri zituen. Entzun kritikak ez zitzaizkion asko gustatu antza Arregiri, eta gorri-gorri eginda erantzun zien; baita hitza eskatu zuten entzule apurrei ere.
Egia esan, gaia mardula genuen oso -kontu asko utzi ziren azaltzeke-, ez da alferrik erakunde eta talde politikoen borrokan ikur bihurtu. Eta eztabaida borroka horretatik kanpo, «alde nago» ala «kontra nago» esatetik haratago eraman beharra aldarrikatu zuten Murrek eta Lakak, kultur azpiegitura, kudeaketa, eredu eta beste sakon eta serio aztertu beharra aldarrikatuta. Guggenheim «arrakastaz hil den eredutzat» dute batzuk, eta «laino» batean dakarren egitasmoaren aurrean, eredu berriak behar omen dira.A. B.
Ekonomia eta kultura egitasmoak darabiltzan «aitzakiak» dira, Arregiren ustez. Eta kulturari krisiak gainditzeko ezarri zaion «salbatzaile» paperak kezkatzen ditu besteak, «irizpide ekonomikoa baitu indarrean».
«Lehen mirariaren magia» errepikatu nahian dabiltzala esan zuen Arregik Urdaibaiko egitasmoaz, eta «Bilboko museoaren kultur eredua» ezbaian jarri zuten Murrek eta Lakak, egun indarrean den eredua arbuiatuta.