GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Elias Mendinueta eta Mirari Bereziartua EHBE

EHBE, Euskal Herriak Bere Eskola: ikastola

 

Hamazazpi urtera doa Autonomia Erkidegoko Publifikazio Legea martxan ipini zenetik. Ordutik gaur arte egindako bidean, hainbat gogoeta kolektibo eginez elkar elikatzen aritu gara. Gogoeta horiek eskarmentuaren haria jaso eta egoeraz jabetuz egin ditugu, garapena eragiten, erantzukizunez jokatzeko. Horrek egiten gaituelako herri. Hainbat galderari erantzunak topatzeko egindako gogoetak partekatzea dugu gaur helburu.

Noiz eta nork hartu zuen ikastolak sortzeko erabakia? Euskal gizarteak orain dela ia 100 urte erabaki zuen Euskal Herriarentzat Bere Eskola egitea: ikastola. Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin egindako lehenengo kongresuan, hain zuzen ere.

Zergatik hartu zuten erabaki hori? Gure identitatea ezabatzeko mekanismo oso indartsuak ipini zituztelako bi estatuek. Frantziako Iraultza iritsi zen arte, Europako beste herri guztiek bezalaxe, Nafarroak bere erabaki guneetan euskaldunontzat hezkuntza eskaintzen zuen. Hezkuntza sistemarik ez zegoen oraindik. Frantses Iraultzaren ondoren, Frantziako eta Espainiako hezkuntza sistemak ipini zituzten martxan uniformismoa helburutzat izanik.

Estatuek beren eskola ofizialak, nazionalak, publikoak sortu zituzten. Izenak aldatzen joan arren, errealitate berbera daukatenak oraindik ere. Erabakimena estatuarena da eta erabili egiten du. Bai legeak eginez eta baita juridikoki eta administratiboki ere, erabilerak kontrolatuz. Beti ere saiatuz, geure herriko jendea erabiltzen Estatuarenak diren erabakiak zaintzeko, horrela asimilazio mekanismoen indarra biderkatuz. Euskaldun jendea sisteman egoteak ez du sistema geurea egiten.

Zertarako hartu zuten gizarte zibila erakundetzeko erabakia? Gure identitate ezaugarri guztiak indarkeriaz ezabatzen gogor ari ziren horretan, publikoki ematen ari ziren banakako protestak eta aldarrikapenak, eraginik ez zutela jabetuz, euskal gizarteak erakundetzearen beharra ikusi zuen. Euskal Ikaskuntza sortzea erabaki estrategiko bat izan zen eta hainbat erabaki hartu zituen honek Oñatiko I. Kongresuan.

Zer erabaki zuten zehazki? (NIEko artxibotik jasotako Jesus Atxak Jaso ikastolaz egindako «Historia txiki baten harian» liburutik, 28. or.).

Bat, Euskaltzaindia sortzea. Bi, hezkuntza sistema ofizialetik at, paraleloki, geure eskolak sortzea, ikastolak. Hiru, eskola sistema ofizialaren bidetik auzo eskolak eta nekazaritza eskolak bultzatzea, ama hizkuntza euskara izango dutenak baina ikastolatzat ezin har daitezkeenak.

Bi estatuen erabaki esparrutik kanpo, geure erabaki esparrutik eramateko asmoarekin Matitse Scholska txekiarraren antzeko eskolak nahi ziren. Geure eskolak, estatuen eskola ofizial, nazional, publikoetatik at, haien paraleloak: Ikastolak.

Erabaki horrek, herritarrontzat, urteetan zehar, aldarrikapenetik salto egin eta erantzukizunez egitera pasatzea eskatu digu. Beraz, batetik, herri zentzuak eragin zuen euskal gizartea antolatzea. Bestetik, berriz, argi zegoen giza eskubidea, betebeharra den kontzientzia hartzeak, erantzukizunaren bultzadak egitera eraman zuela euskal gizartea. Herriaren subiranotasuna, autodeterminazioa, eskubidea baino gehiago denez, erantzukizunez egiteari eutsi dio euskal gizarteak urteetan. Eragilea izan da herria. Bi estatuen asimilazio lanak handiak izan dira, baina oraindik bizirik gaude euskal gizartearen jarrera horri esker.

Ez dira gauza bera euskara eta euskal kultura, herri hau menpeko hartuta daukatenen sisteman sartzea eta euskalduntasunari eskola egitea. Lurralde osoan titular bihurtu eta geure erabakimenez bermatzea zaintzea. Ez dira gauza bera inposatutako arkitektura administratiboen markoan aritzea eta lurraldetasun osoaren barrutiaz arduratzea. Herri bakarra, lurralde barruti bakarrean. Kulturalki euskaldunak eta politikoki nafarrak. Ez dira gauza bera erabakimena herritarrok eskutik eramatea eta Administrazioaren edo Elizaren esku lagatzea. Estatuak eta Elizaren egiturak, beren xede nagusiak dituztelako, gurearekin bat ez etortzeaz gain, mendeetan elkarrekin esku hartuta gure kontra gogor aritu dira. Erakunde horietako banakako zenbaiten salbuespenak salbuespen.

Zer du ikastolak xedetzat? Herri identitatea. Hau da, euskalduntasunaren transmisioa eta garapena. Ez bakarrik izatearen eskubidea dugulako, baizik eta bizirik mantentzeko betebeharra. Izateari ezinbestekoa zaion lurraldetasunean kokatuta daramagu proiektua eta guztiaren bermea erabakimena izanik, familiek, subjektu izaera erabiliz, titular bihurtu eta eskutik eramaten dugu ikastola.

Ulertzen dugu subjektu izatea aldarrikatzea baino gehiago dela. Eragile izatea da. Horregatik, familiak bustitzen gara, dauzkagun ahalmen legalak erabiliz, Euskal Herriari Bere Eskola egiten. Nafar estatuaren euskal eskola nazionala. Eta kapitulu berezia merezi du bertako ikasleak tratatzeko ikusmoldeaz aritzeak. Subjektu izaeraz tratatuak izatea hain zuzen ere.

Herri hau, nafar estatu bezala, munduaren aurrean subjektu politiko izan da. Erabakiak hartzeko egitura juridiko-politiko guztiak zituena. Bi estatuek indar militarrez kendu zizkiguten, baina horrek ez du preskribatzen. Horregatik oraindik, berreskuratzeko gogo tinkoarekin jarraitzen dugu. Hezkuntza eremuan, subjektu jarrera aukeratu, eta familiak, legalki gaurko Europan dauzkan hezkuntzarako giza-eskubideak erabiltzen ditugu. Subjektu izateak aldarrikapenetik, egitera pasatzea eskatzen du.

Tristura handiz ikusten ditugu egunotan Hernanin eta Beasainen, urte askotan herriaren eskutik jasotako ikastolak, Estatuaren esku lagatzeagatik, orain herriarekin zintzotasunez konprometituta dagoen zentro horietako jendea pasatzen ari den larrialdia. Administrazioaren eskola ofizialen paraleloak izateko sortu zirenak Estatuaren eskola bihurtzea erabakitzean, ikastola izateari utzi zitzaion automatikoki definizioz. Ikastola izena Administrazioaren titulartasunetik kanpo dagoenak bakarrik eraman dezake, horren paraleloa izateko sortua izan zelako eta delako. Berriro, nafar estatuarekin izan genuen erabakimen osoa eskuratzen dugunean, Euskal Estatu bezala, «euskal publikoa» izendatzeko aukeraz hitz egiten hasiko gara.

Geure estatua berreskuratzeko ibilbidean egonik, argi ikusten da besteen estatuen erabaki esparruan jokatzeak ez digula utziko geure herri proiektua garatzen, ez hezkuntzan ez beste ezertan. Hori geure erantzukizuna da. Beraz, geuk egitekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo