GARA > Idatzia > Ekonomia

Construlan-ek puntako ezagutza eta profesionalak bilduko ditu BECen apirilean

P026_F0197X136.jpg

GARA |

Berrikuntza eta iraunkortasuna izango dira Construlan-en laugarren edizioaren zutabe nagusiak, ekitaldiko arduradunek iragarri dutenez. Construlan izeneko ekitaldiak eraikuntza, hornikuntza eta instalazioak uztartzen ditu Bilbao Exhibition Centre-en, apirilaren 14tik 17ra izango den erakusketan.

Hitzordu horrekin batera, jardunaldi teknikoak, profesionalen topaketak eta Egurtek (egurrezko eraikuntza eta arkitekturaren 3. nazioarteko sinposioa) ospatuko da.

Erakustaldiarekin batera izango diren jardunaldiak nabarmendu zituzten, sektorearentzat interes handia izango dutelako, ezagutzak trukatzeko eta bisitarien eta erakusketarien hobekuntza profesionala bultzatzeko.

«Berrikuntza eta iraunkortasuna klimatizazio instalazioetan» izenburuko topaketekin abiatuko dira jardunaldi teknikoak. ACS, berogailua eta hotza ekoizteko energia geotermikoa eta eguzki-energia termikoa integratzeko sistemak eta biomasatik eratorritako energiaren erabilpena klimatizazio instalazioetan izango dira, besteak beste, jorratuko diren gaietako batzuk.

Bestalde, Euskal Herriko enpresa instalatzaileen biltzarra ospatuko da Construlan-ekin batera, eta apirilaren 15 eta 16an egurrezko eraikuntza eta arkitektura izango dira protagonista. Egurraren bertuteak eta eraikuntzarako material gisa horren erabilpena bultzatzea da helburu nagusia eta, hori dela eta, mundu osoko ospe handiko arkitektoek eta ingeniariek dituzten teknika berritzaileenak ezagutzeko aukera izango dela nabarmendu dute.

112 erakusle BECen

Bestalde, Costrulan 2010 erakusketan 112 fabrikatzaile, erakunde eta elkartek eman dute izena. Eraikuntza, ekipamenduak eta instalazioak dira erakusketako hiru arlo nagusiak.

Isolamendu sistemak, iragazgaiztekoak, estaltzeak, berritzeak, obra zibila eta publikoa edota sarrailagintza dira ikusgai, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo