GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendiko eskia Proposamena

Pic du Cabaliros, xumea zein dotorea

Mendiko eskian aditu Edu Aranburuk Val d´Azun eta Cauterets artean dagoen Cabaliros mendira (2.334 m) igotzeko proposamena egin digu. Eskiatzaile frantsesentzat klasikoa den ibilbide hau oso alternatiba ona da, batez ere, mendia elurrez gainezka dagoenerako.
p052_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Negu honetako baldintzak ikusirik, aitortu beharra dago mendiko eski denboraldiak ez duela oso une egokia bizi. Elur asko egin du (eta egiten ari da), eguraldia nahiko aldakorra izaten ari da, elurraren geruza ezberdinek ez dute astirik sendotzeko... Eta, horrela bada, mendian eskiekin jardutea ez da batere eroso gertatzen ari.

Horrek guztiak ez du esan nahi praktika hori alde batera utzi behar denik; ezta gutxiagorik ere. Alternatiba interesgarriak badira, eta, norberaren ardura kontuan hartuta, Edu Aranburuk oso proposamen egokia aurkeztu digu: Pic du Cabaliros.

Ez da mendi garaia (2.334 metro ditu), baina elurra beheraino iritsi eta goi mendietara joatea zaila denean, mendiko eskiko espezialistak adierazi digu oso proposamen egokia dela.

Aranburuk berak honako aurkezpena egin digu: «Val d´Azun eta Cauterets artean dagoen mendi zabala da. Frantsesentzat klasiko bat da; Bellefonen liburuan azaltzen den ibilbidea. Eguneko irteera proposatzen dut. Ez da mendi garaia, baina igoera luzea eta malda handikoa da; jakina, behetik ateratzen bagara. Basoko pista luzea egin arren, ibilbidearen goi aldeak merezi du».

Haran ederra

Abiapuntua Val d´Azuneko Sireix herritik (811 m) egiten da; hain zuzen ere, pista luze batetik. Elurraren arabera, autoa beherago eta gorago utz daiteke. 1.150 metrora borda batzuk daude, eta han bertan asfaltoa amaitzen da.

Behin 1.550 metroko mailara iritsita, baso batetik pista luze bat ateratzen da. Aranburuk azaldu digu puntu horretan ibilbideak bi aukera dituela: «Ezkerretik mendebalderantz hartuta, mendiaren ohiko bidea jarrai daiteke. Baina, haizea egiten badu, alderdi horrek elur gutxi izaten du. Eskuinetik, berriz, hegoalderantz hartuta, Bancioleko txabolatik (1.485 m) pasako gara. Basoa behealdean utzi eta mendiaren mendebaldean zabaltzen den haranera joko dugu (1.685 m). Oso haran ederra eta egokia da eskirako».

Gero, ipar-mendebalderantz igo beharko da, Cabalirosen mendebaldeko bizkarrera heltzeko. Aurretik soilik 200 metroko malda geratzen da gailurra jotzeko. Bizkar leunek tontorrean utziko gaituzte.

«Gailur oso garaia izan ez arren, haranen gainean geratzen da eta ikuspegi zabala du. Ekialdean, adibidez, Midi de Bigorre, Troumouse... Hegoaldean, berriz, Balaitous, Vignemale... Eta iparraldean, lautada», azaldu du eskiatzaileak.

Jaitsierarako ordua iritsi da. Aranburuk dioen bezala, igoerarako aukeratu diren bi proposamenetatik jaits daiteke: «Bigarrena interesgarriagoa da. Bizkar zabalak eta ederrak dira eskiatzeko. Bizkarraren amaieran, ipar aldera, aldats tente batetik jaits daiteke; beti ere, baso gaineko zeharkaldia saihestu ahal izateko. Bancioleko txabolatik pistara igoera txiki bat dago, baina merezi du». Azkenik, aipatu behar dugu proposamenerako erabilitako kartografia honakoa dela: 1:25000. Argeles-Gazot-Cauterets (1647 est).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo