GARA > Idatzia > Euskal Herria

Memoria historikoa ardatz, Doyle eta Donnely-ren borroka gogora ekarri dute

Bob Doyle eta Charles Donnelly brigadista irlandarrei omenaldi beroa eskaini zieten atzo bigarren urtez Gasteizen. Euskal Herria eta Irlanda bat eginda eta oroimen historikoa ardatz hartuta, frankismoaren kontra borrokatu ziren bi brigadisten ideiak gogora ekarri zituzten.
p014_f02_199x116.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA |

Suak pizturik dirau. Horixe izan zen Bob Doyle brigadista irlandarrak gizarteari utzi zion irakaspena. Hori gogorarazteko, atzo, bigarren aldiz, Irlandako Bob Doyle eta Charles Donnelly borrokalari antifaxistak izan ziren protagonista Gasteizen.

Memoria historikoaren alde lan egiten duen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Gasteizko Paddy Short taberna irlandarrarekin elkarlanean antolatutako ekimenak dozenaka lagun bildu zituen. Ahaztuak-en bideo labur batek eman zion hasiera omenaldiari. Gero, elkarte honen izenean, Lander Garciak hartu zuen hitza. Ekimenaren helburua Doyle eta Donnelly-ren idealak gogora ekartzea zela adierazi zuen Garciak.

Memoria historikoa «gaurkotasuna duen tresna» dela defendatu zuen Ahaztuak-eko eledunak. Hala, Irlanda eta Euskal Herria, oroimena ardatz, bat egitea izan zuten xede atzo. Bob Doylen bizitza irudikatzen zuen dokumentala eman ostean, Irlandatik etorritako ordezkaritzak hitz batzuk eskaini zituen eta, azkenik, Azido Folkloriko musika taldeak jendez lepo zegoen tabernako giroa berotu zuen.

Charles Donnelly (1914-1937) eta Bob Doyle (1916-2009) brigadista internazionalak sufrimenduaren eta konpromisoaren ikurrak dira. Lehenengoak, olerkari iraultzailea, 23 urte zituela, Jaramako batailan hil zen; bigarrena gudatik bizirik atera zen eta bizitza osoa faxismoaren kontra borrokan aritu zen.

Irlandako ordezkaritza

Herenegun Jaraman egindako omenaldian parte hartu ostean, Euskal Herrira etorri ziren Irlandako Donnelly-ren Lagunak elkarteko kideak. Ordezkaritzaren izenean, Eddie O'Neil-ek herenegun Jaraman Donnelly-ren omenez monumentua jarri zutela azaldu zuen.

Ideiak ekintzetara eraman beharra dagoela esaten zuen Jaraman bizia eman zuen brigadistak, eta hori defendatu zuen O'Neil-ek ere. Orain bi urte Bob Doyle Mutrikun izan zela eta hark Euskal Herriak Gerra Zibila oso garesti ordaindu zuela uste zuela adierazi zuen Irlandako ordezkaritzak.

bigarren edizioA

Atzo, bigarrenez omendu zituzten brigadista internazionalak eta ekitaldian gogoan izan zituzten iazko omenaldian Polizia espainolak atxilotu zituen Asier Ortiz de Guinea eta Olaritz Arakama. Ortiz de Guinea preso dago eta besarkada bat bidali zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo