Euskal pinturaren 50 urte, Urdazubiko monasterioan
XX. mendearen erditik gaur arte euskal pinturan nabarmendu diren hamar artistaren lanak bildu dituzte Urdazubiko monasterio zaharrean. Jose Luis Zumeta, Christine Etchevers, Gonzalo Etxebarria, Patxi Aranoa, Pier, Jose Mari Apezetxea, Roger Bravard, Aitor Mendizabal, Irkus Robles eta Michel Hacala margolari oparoen obrak izanen dira ikusgai urte osoan.Maider IANTZI | URDAZUBI
Urdazubiko monasterio zaharrean eta herrian buelta bat emateagatik bakarrik merezi du Otxondo Evenements taldeak antolatutako erakusketa bisitatzea. Lekua bera da ederra eta horrek are politago egiten ditu margolanak. Azken mende erdi honetako euskal pinturak eman duena ezagutarazteko, hamar margolari aukeratu dituzte: Christine Etchevers, Gonzalo Etxebarria, Roger Bravard, Pier, Patxi Aranoa, Jose Mari Apezetxea, Irkus Robles, Aitor Mendizabal, Michel Hacala eta Jose Luis Zumeta. Hirurehun artelan baino gehiago jarri dituzte monastegiko klaustroan.
Urte osoan (heldu den urtarrilaren 2a arte) egonen da zabalik erakusketa, Dantxarinea auzoko bentetatik bi minutura, asteazkenetik ostiralera 14.00etatik 18.30era eta larunbatetan, igandetan, besta egunetan eta opor garaietan 11.00etatik 19.00etara.
Artista berak, artelan berriak
Pello Iriarte erakusketako gidariak adierazi duenez, hamar artista horien lanak aldatzen joanen dira epe horretan. Margolariek proposamen berriak eginen dituzte, garaian garaira egokituz; artistak, ordea, berberak izanen dira urte osoan.
Hamaikagarren margolari bat ere badago, eta hau bai, bi hilabetero aldatuko dute. Orain Benoît Camy Hazparneko mutil gaztearen lanak daude ikusgai, eta horren ondotik bertze makina bat artistaren ekarpenak ezagutzeko aukera izanen da txoko honetan.
Baina zergatik hautatu dituzte hamar margolari hauek? Iriartek azaldu duenez, 1950etik gaur arteko garaiaren ordezkari direlako. «Gehienak helduak dira. Apezetxeak 83 urte ditu. Eta ibilbide garrantzitsua egina dute. Zumeta, esate baterako, Gaur taldean ibili zen Oteizarekin eta Txillidarekin. Oso artista adierazgarriak direlako aukeratu ditugu. Euskaldunak dira, Iparraldekoak eta Hegoaldekoak, eta denek dute estilo pertsonala, ezberdina. Irkus kostunbrista da eta hemengo ohiturak islatzen ditu margoetan; Apezetxea Javier Zigaren ikaslea izan zen eta orain Bidasoako eskolan dabil arte figuratiboa egiten; Zumetak, aldiz, inpresionismo abstraktua...».
Obrak egiteko erabilitako teknikak ere denetarikoak dira: oleoa, papera, grabatuak, akuarela, marrazkiak...
Hainbat sari eskuratuak dituen Aitor Mendizabalek zerrautsa margotu eta txikituta egin ditu koadroak. 1949an Caracasen jaioa, 9 urterekin etorri zen artista hau Gipuzkoara. Barren-barrenean, hagitz gazterik erakarri zuen arteak, baina 27 urte bete arte ez zen eskultore egin, eta geroago ekin zien margo eta marrazkiei. Bere marrazkiak, tinta lanak eta mihiseak ez dira eskulturetarako prestaketa lan soilak; berezko originaltasuna eta indarra dituzte. Autonomoak, delikatuak eta, zenbaitetan, misteriotsuak ere badira.
Iriartek aipatu duenez, misterio edo argilun horregatik kokatu dituzte bere lanak gela berezi batean, orain dela 400 urteko Inkisizioak sorgintzat akusatutako pertsonak torturatu zituzten lekuan, hain zuzen ere. «Bere lanak abstraktuak eta organikoak ere badira eta ongi gelditzen dira gela honetan».
Mendizabalen lan misteriotsuen ondoan, arreta ematen dute Zumetaren serigrafia koloretsu eta biziek. Gazterik lortu zuen Usurbilgo artista honek Euskal Pinturaren Sari Nagusia, eta geroztik garbitasuna irabazten joan dira bere lanak. Honela azaltzen du berak: «Agian lehenago organikoagoak ziren, begetalagoak, naturarekiko harreman batean oinarrituagoak; orain, ordea, alde organikoaren eta geometrikoagoaren arteko oreka bat dago».
Christine Etchevers baionarraren lanak, aldiz, barne-barnekoak dira, abstraktuak baina narratiboak, distiratsuak, lirikoak, bere garaian erabat inplikatuak eta euskal izaeran indartsuki errotuak. Badirudi koloreak lehertu egiten direla koadroetan.
Monasterioa, errota eta herria
Erakusketako gidariak azaldu duenez, inork ez daki euskal pintura nola deskribatu, gauza ugari sartzen baitira barrenean eta artista bakoitzak bere estiloa baitu. Badago zerbait, ordea, denak lotzen dituena: paisaia, jendea, hemengo kultura.
Otxondo Evenements taldekoak, 50 urteotako euskal pinturaz gain, monasterioko museoa, errota eta herria bera erakusten hasiko dira bisitariei, ordutegi eta egun beretan. Oraindik azken ukituak ematen ari ziren, baina buelta bat eman genuen monasterioko museoan eta bertze hainbat gauzaren artean, eraikina erre zenean zeuden 50.000 liburuetatik salbatu ziren ale apurrak ikusi genituen. Aste honetan dena prest izatea espero zuten.
Errotaren parean Martine izeneko arte galeria dago, eta bertan Juan Gorritiren eskulturak jarri dituzte. Geroago, artista gehiagoren obrak erakusteko asmoa dute. Bosgarren urtez zabaldu duten klaustroko erakusketa ere galeria da eta, beraz, edozein artelan eros daiteke. Arte eskaintza zabala Xaretako herri honetakoa.
Eskarmentu handiko artisten lanen ondoan, bi hilabetero margolari gazte baten obrak erakutsiko dituzte. Orain Hazparnen sortutako Benoît Camyren txanda da.
Pello Iriarte gidariak azaldu duenez, inork ez daki euskal pintura nola deskribatu, gauza anitz sartzen direlako barnean eta bakoitzak bere estiloa duelako. Baina bada lotzen dituen zerbait: paisaia, jendea, kultura.
Margoez gain, eskulturak ere jarri dituzte, euskal kulturaren ingurukoak denak. Aitor Mendizabal, Tista, Tomas Fischer, François Marty eta Eduardo Iturralde dira aukeratu dituzten eskultoreak.
Klaustroaren erdialdeko lorategian, euskal kulturarekin lotutako eskultura ugari dago. Aitor Mendizabalek, Tistak, Tomas Fischerrek, François Martyk eta Eduardo Iturraldek egindako lanak dira, burdinarekin, brontzearekin eta harriarekin.
Eskultore guztiak ez dira euskaldunak. Fischer suitzarra da, baina emaztea donostiarra du. Zurichen jaioa, gazte etorri zen espainiar Estatura eta enpresari gisa aritu zen lanean. Urtearen zati bat Nafarroan ematen zuen. Geroago, enpresari lanak utzi eta eskulturan buru-belarri hasi zen, autodidakta gisa. Etengabe erakutsi ditu lanak, bakarkako eta taldekako erakusketetan: Gruma-x taldearekin Malagan, Marbellako El Catalejo galerian, Santares taldearekin Sevillan... Estatu espainoleko margolari eta eskultoreen elkartearekin egin ohi ditu erakusketak eta bere lanak bilduma pribatu anitzetan daude, espainiar Estatuan, Suitzan, Alemanian eta AEBetan. Gaur egungo munduari buruz etengabe hausnartzen du, baita gizakiari buruz eta honek gizartearekin eta naturarekin dituen harreman konplexuei buruz ere. Hainbat aldiz agertzen dira bere obretan animaliak.
François Martyren istorioa harrigarria da. Sendagilea zen eta medikuntzan 40 urte eman ondoren, 75 urterekin eskulturari ekin zion, ongi baino hobeki ezagutzen zituen gorputz eta anatomien adierazpenak finkatuz, gizakienak eta bere inguruko animalienak ere bai.
Estatu frantseseko hainbat hiritan erakutsi ditu bere brontzezko eskulturak, mehatxu egiten duen zezena eta jatorrizko bekatuaren sinbologia tartean. 2007an Cannes Hiriko lehenbiziko Eskultura Saria lortu zuten.
Aitor Mendizabalek margoak eta eskulturak erakusten ditu Urdazubin. Munduko bidegurutzean dago euskal artista hau: Venezuelan jaioa, Suitzan bizi izan da, kultura italiarrean sartu da, Espainia maite du eta gaur egun Estatu frantsesean bizi da. 30 urterekin Donostiako Eskultore Gazteen Lehiaketan lehenbiziko saria eskuratu zuen eta berarentzat abiapuntua izan zen hori, garatzeko behar baten eta bere burua errukirik gabe zalantzan jartzeko gogo baten hasiera. Azkar pasatu zen eskultura figuratibotik abstraktura (edo ia abstraktura), liriko eta organikora, naturak inspiratuta lasai «oinez joateko».
Egindako ibilbide ausartak sari ugari izan du, hainbat erakusketa ospetsu: Erroman, Florentzian, Milanen, Bruselan, Biarritzen...
M. I.